Batera. Biltzar nagusia

11 urtez imajinazioa martxan

Eskatutakoak lortu arte borrokatuko direla erranez osatu zuten Batera plataforma 2002an. Paristik jaso erantzunak ezezkoak izanki, mobilizazioz mobilizazio, aldarria aitzina eramaten segitzen dute.

2010ean antolatu herri galdeketa. G.IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko uztailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
E z dut sekula etsipenik sentitu Batera-ren barruan; bidegurutzeak ezagutu ditugu, baina inoiz ez da aldarria dudan ezarri; alderantziz, aitzina eramaten segitzeko borroka moldeei buruz aritu gara beti gogoetan», dio Menane Oxandabaratz Batera plataformako militanteak. 2002ko abenduaren 14an osatu zuten plataforma, argi utziz haien «eskaerek erantzun baikorra lortu arte» mugimendua ez zutela utziko. Frantziako Gobernuaren partetik isiltasuna edota ezetza borobila ukanik erantzun bakar gisa, urtez urte, mobilizazioz mobilizazio aitzina segitu behar izan dute. Aldi honetan ere, ezetza erantzun dio gobernuak Ipar Euskal Herriak egin eskaerari, eta bide gurutze berri honetan «borrokan segitzeko determinazioa» berretsi dute.

Hamaika urte igaro badira ere, oraingo testuinguruarekin antz handia zuen ordukoak. Lehen ministroak bultzaturik, deszentralizazio prozesu bat jarri zuen martxan Parisek. Asmo hori aprobetxatuz, zituen bere lau aldarrikapenak egin Batera-k: Euskal departamendua, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, berezko unibertsitatea eta euskararen koofizialtasuna. «Lau zatiz osaturiko puzzlea», Oxandabaratzek oroitarazten duenez. Euskal Konfederazioa, Euskal Departamenduaren Aldeko Elkartea, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna eta Unibertsitarien Kolektiboa baziren oinarrian, eta laster zabaldu zen plataforma 110 elkarte bildu arte.

2003ko otsailaren lehenean, 7.000 lagun bildu ziren plataformak antolatu lehen manifestaziora. Zortzi hilabete geroago, beste manifestazio bat egin zuten, 8.700 lagun bildurik. Baina, ezetza izan zuen Batera-k erantzun gisa. Aldarriei dagokienez, laborantza ganberarena izan liteke seguruenik aipagarriena. Gobernuak ez zuenez baikorki erantzuten, egitura sortzeko erabakia hartu zuen ELBk, eta 2005eko urtarrilaren 15ean sortu zen EHLG. Hamalau egun geroago, prefetak auzitan jartzen zituen. Auzibideak bost urte iraun zuen, eta EHLGk auzia irabazi zuen 2010eko maiatzaren 12an.

Ekimenez ekimen, euskararen ofizialtasunaren aldeko borrokak ere aitzina segitu du urteetan. Berezko unibertsitatearena izan da ahulena. Lau eskariak eramaten segitzen baldin badu ere Batera-k, azken urteetan aitorpen instituzionalaren aldarria eman du lehen lerroan.

Instituzioarena aitzinean

«Urtez urte, instituzioaren gaiak hartu du anitz leku. Logikoa da, zeren aitorpena lortuz gero beste zutabeak ere lortuko lirateke», dio Oxandabaratzek. Hastapenean euskal departamendua galdetzen zuten; lurralde elkargoa eskatzea erabaki zuten 2010ean. «Korsikako adibidea hartuz, egituraketa hori galdetzea erabaki genuen». Departamenduaren nozioak traba batzuk sorturik, adostasun zabalagoa lortzeko asmoz ere egin zuten aldaketa.

2006an aitorpen instituzionalari buruzko herri galdeketa eskatzeko izenpedura bilketa abiatu eta Ipar Euskal Herriko 36.300 sinadura bildu zituzten. 2010ean, «Euskal lurralde elkargoa sortzearen alde zirea?» galderari zuten 34.610 hauteslek erantzun, %78,22 kokatu zirelarik alde. 2012an bideak oztopatu zituzten, gobernuaren blokeoa gaitzesteko. Imajinazioa martxan jarriz, aitorpen instituzionalaren aldarriak herritarren sostengua zabaltzen eta agerian uzten dabil Batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.