Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 15.299 PCR proba eta antigeno test egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 1.100 positibo atzeman zituzten, herenegun baino 68 gutxiago. Eguneko kasuen datua jaitsi arren, ordea, gorantz egiten jarraitzen du positiboen kurbak egunez egun, martxoaren 11az geroztik; hor egin behar da azpimarra. Positiboen ehunekoa, berriz, %7,19 da.
Lurraldeetako egoerari dagokionez, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehienak: 466. Gipuzkoan, 358 izan dira; Nafarroan, 165; eta, Araban, 103. Gainontzeko zortzi kasuak EAEtik kanpo detektatutakoak dira, Jaurlaritzak azaldu duenez.
Erietxeetako egoerari ere erreparatu behar zaio. Larria da egoera. Herenegun 209 gaixo zeuden Hegoaldeko ospitaleetan, eta lehen olatutik detektatutako kopururik makurrena da. Nafarroako Gobernuak ez ditu oraindik behin-betiko datuak eman, baina Jaurlaritzak ohartarazi du beste 101 ospitaleratze egon direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta, azken datuen arabera, lurralde horretako ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 186 pertsona daude, aurreko egunean baino hamahiru gehiago.
Hildakoak oroituz
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria COVID-19aren ondorioz hil direnak omentzeko ekitaldi batean egon da gaur Gasteizen, eta nabarmendu du izurritea geldiarazteko neurriak hartzerako orduan, «pertsona bakoitzaren osasuna eta ongizatea lehenesten» saiatu direla, baina «akatsak» ere egin dituztela. Hala ere, hildakoen ingurukoek izandako «ulermena eta gogortasuna» goraipatu ditu.
Zehazki, emandako datuen arabera, izurritearen ondorioz pertsonaren bat galdu dutenak artatzeko Betirako programan, 600 pertsona baino gehiagok jaso dute laguntza psikologikoa, eta horietatik %86k azaldu du ezin izan zituztela ingurukoak nahi bezala lagundu.