15 gazteri sei urteko zigorra jarri die Auzitegi Nazionalak, Segiko kide izatea egotzita

Bi gazte absolbitu egin ditu, eta zigortutakoei bost eguneko epea eman die Gorenean helegitea jartzeko

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Haika-Segi auzian hasitako bideari jarraitzen ari zaio Espainiako Auzitegi Nazionala, eta Donostiako hamabost gazte zigortu ditu gazte mugimenduan lanean aritzeagatik. Beren borondatez Segi gazte erakundean aritu zirela argudiatu, eta «talde terroristako kide» izatea egozten die, nahiz eta aitortzen duen «indarkeria ekintzak» egin dituztenik ez dela frogatu: «Posible da erakundeko kide izatea, nahiz eta lan banaketaren ondorioz beste funtzio batzuk bete».

Sei urteko zigorraz gain, denbora horretan sufragio pasiborako inhabilitazioa eta beste sei urtean kargu edo lan publikoak izateko inhabilitazioa ere jarri die hamabost gazte horiei. Baita epaiketaren gastuen zati proportzionala ordainaraztea ere. Haiekin batera epaitutako beste bi gazte absolbitzea ere erabaki du Auzitegi Nazionaleko bigarren zigor salak. Epaia jakinarazten zaien unetik, bost eguneko epea dute aldeek, epaiarekin konforme ez badaude, Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jartzeko.

Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran epaitu zituzten hamazazpi gazteak Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2007ko urrian atxilotu zituzten, eta beste bederatzi lagunekin batera auzipetu zituzten, 2005ean Segiko kide izatea egotzita. Iñigo Iruinek epaiketako azken egunean argudiatu zuen 2005ean Segi ez zegoela «talde terrorista» izendatuta, eta, beraz, garai hartan erakunde hartako kide izatea ez dela «talde terroristako kide» izatea. Gainera, epaitutako hamabost lagun horietako inor Segikoa zela esateko frogarik ere ez dagoela argudiatu zuen Iruinek.

Epaia idatzi duten Julio de Diego Lopez eta Enrique Lopez Lopez magistratuak, ordea, ez dira uste berekoak. «Froga zuzenik» ezean, «kargu frogak adierazgarriak izan daitezke», epaimahaiaren irudiko, «susmo hutsetatik bereizteko baldintzak betetzen badituzte». «Froga adierazgarritzat» jo ditu epaimahaiak akusatuek inkomunikazio aldian beren buruen kontra eta gainerakoen kontra egindako adierazpenak, auzipetuen etxean topatutako Segiko pegatinak, zapiak, bideoak, elastikoak, giltzariak, zapi palestinarrak, AHTaren kontrako panfletoak eta abar.

Inkomunikazio aldiko deklarazioak torturapean egindakoak zirela jakinarazi zuten auzipetuetako batzuek. Ekaitz Iberok, esate baterako, epaiketan bertan esan zuen hori. Polizietako bat ezagutu ere egin zuen epaiketan, eta dardaraz eta ondoezik jarri zenez auzi gelatik ateratzeko baimena eman zion epaimahaiak. Iberok azken egunean bere ondoezaren arrazoia polizia hark torturatu egin zuela zela argitu zuen arren, epaimahaiak sinesgarritasuna kendu dio, polizien testigantzan eta auzi medikuen txostenetan oinarrituta.

Auzipetuek epaiketan parte ez hartzea erabaki zuten, deliturik ez dutela egin seguru daudela argudiatuta. Bada, haiek hitzik ez hartzea ere «zantzu inkriminatzailea» dela diote bi epaileek.

Epaiak jasotzen duenez, Ion Imanol Igal eta Breogan Fernandezek polizia etxean ez zuten deklaratu. Beste pertsona batzuek egin zituzten haien kontrako adierazpenak, baina, hori ez dela haiek zigortzeko nahikoa dio. Bi horiek absolbitu egin dituzte, eta zigortuetako batzuekin dagoen diferentzia bakarra da bi horien etxeetan ez zutela Segirekin lotutako «materialik» atzeman.

Babes zabala

Donostiako hamazazpi gazteek gizartearen babes zabala jaso zuten epaiketa dela eta. Epaiketa hasi aurretik milaka lagun atera ziren kalera Donostian, hainbat alderdi eta eragileren babesarekin, Proiektu guztien defentsan, inkomunikaziorik ez, epaiketa politikorik ez lelopean. Ehun eragilek baino gehiagok egin zuten bertara joateko deia, eta haien artean zeuden EA, ezker abertzalea, Aralar, Arternatiba, LAB, ELA, Hiru, ESK, CNT, Gazte Abertzaleak, Gazte Independentistak, Iratzarri, Ikasle Abertzaleak, Lokarri, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Askapena eta Bilgune Feminista. Lan politikoa kriminalizatu egiten dela salatu zuten, eta proiektu guztiak defendatzeko eskubidea aldarrikatu.



Zerrenda

SEI URTEKO ZIGORRA

Ekaitz Ibero Arteaga.

Pello Lamarka Eskisabel.

Mikel Arretxe Salbide.

Unai Perez Quintans.

Egoi Alberdi Casanova.

Oier Lorente Azpiazu.

Adur Fernandez Arratibel.

Aitor Olaizola Urien.

Asier Mariezkurrena Ramada.

Imanol Alder Vicente Ugalde.

Nahikari Otaegi Tena.

Urko Pikaza Ataun.

Beñat Apalategui Mora.

Igor Alvarez Zubeldia.

Ekaitz Ezkerra Laspeñas.

ABSOLUZIOA

Ion Imanol Igal Iribarren.

Breogan Fernandez Garcia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.