Osasunbideak eta Osakidetzak emandako datuen arabera, otsailaren 14tik 20rako astean 169 lagun hil dira koronabirusak jota Hego Euskal Herrian. Iragan astean, 128 hildako zenbatu zituzten.
Halere, datuei begiratuta, oro har, pandemiaren datuek behera egiten segitzen dute. Erraterako, Hego Euskal Herrian beste 557 positibo detektatu dituzte egindako 3.575 probetan; bestela erranda, proben %15,5 izan dira positibo. Positiboen beheranzko joera ospitaleetako egoeran ere ageri da. Izan ere, 401 paziente daude koronabirusarekin Hego Euskal Herriko erietxeetan, eta horietako 75 ZIU zainketa intentsiboetako unitatean daude.
Iragan urteko abendu hasieratik ez zen agertu ospitaleetan hein horretako kopururik; hots, bosgarren olatuaren hasieratik. Orduan, 400 paziente ziren ospitaleetan, eta 79 ZIUetan. Nabarmentzekoa da, bestalde, bi asteko epean nabarmen apaldu direla datuak: ospitaleratuak guztira 860 ziren hilabete hasieran, eta orain 401 dira, erdiak baino gutxiago.