Inkomunikazioa kentzea da, aditu guztien arabera, torturak gertatuko ez direla ziurtatzeko bide bakarra; eta, bide batez, baita polizien kontra ustezko tortura salaketa faltsuak ez egiteko neurri egokiena ere. Eusko Jaurlaritzak hainbatetan agertu du bere «konpromisoa» halakorik gerta ez dadin, eta protokolo bat ere jarri du abian; baina, atxilotuak inkomunikatzen jarraitzen dute, eta tortura salaketak ere ugari dira.
Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak emandako datuen arabera, 2000tik 2003ra 172 lagun atxilotu eta inkomunikatu zituen Ertzaintzak, ustez terrorismo delituekin zerikusian; eta horietako 117k tratu txar eta tortura salaketak jarri zituzten Ertzaintzaren kontra. Bestalde, protokoloa abian jarri zutenetik Ð2003ko apirilaren 11tikÐ Ertzaintzaren kontrako 19 tortura salaketa jarri dituzte.
Inkomunikazioa, Ertzaintzaren esku
Legediak ez du inkomunikazioa aplikatzera behartzen, eta neurri hori hartu edo ez poliziak erabakitzen du; aukera bat da, ustez ikerketari laguntzen diona. Ikerketa abiatu eta pertsona bat atxilotzeko zantzuak daudela uste denean, poliziak atxiloketa agindua eskatzen dio epaileari, eta hark agindua ematen du. Aginduak, baina, ez du zehazten atxiloketa inkomunikatua izan behar den edo ez. Hori poliziak erabakitzen du, kasu honetan Ertzaintzak.
Poliziak atxiloketa unean bertan hartzen du erabaki hori, eta epaileari inkomunikazioa berresteko eskaera egiteko 24 ordu ditu. Beraz, 24 orduko inkomunikazioa epaileak baimena eman gabe ezar daiteke. Behin epaileak baimena emanda Ðnormalean ez da kontrako erabakirik hartzenÐ, inkomunikazioa 72 ordura luzatu daiteke. Ondoren, inkomunikazioa luzatzeko eskaera egin behar zaio epaileari, inkomunikazioa 48 orduz luzatzeko. Beraz, neurri hau bost egunez luzatu daiteke, gehienez. Espainiako Judiziamendu Kriminaleko Legeak, «soilik beharrezkoa denean» eta «salbuespen» neurri gisa ulertzen du inkomunikazioa. Baina, argi dago hainbat delitutan neurri hori sistematikoa dela, eta polizia guztiek hartzen dutela: Guardia Zibilak, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Frantziako Poliziak. Ertzaintzak, lehen aipatu moduan, 172 atxilotu inkomunikatu zituen 2000tik 2003ra; eta 68 kasutan atxilotuek 4 eta 5 egun artean egin zituzten ertzain etxean, Ertzaintzak luzapena eskatu zuelako. Atxiloketa aldiaren eta inkomunikazioaren luzapena eskatu zuten 68 atxilotu horien kasuan, handiagoa da tortura salaketen batez bestekoa, 54 tortura salaketa aurkeztu baitzituzten.Oso gutxi dira, terrorismo delituekin zerikusian, komunikatuta egiten diren atxiloketak. 2001etik 2003ra 52 lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, komunikatuta: 10 adin txikikoak ziren, 17 Gasteizko gaztetxean zeuden gazteak eta gainerakoetatik gehienak manifestazioetan atxilotuak. Adierazgarria da 52 atxilotu horietatik bik bakarrik salatu zituztela tratu txarrak epailearen aurrean; baina, ez zuten salaketarik jarri.
«Inpunitatearen zuloa»
Askorentzat inkomunikazioa «inpunitatearen zuloa» da, eta neurri horrek irauten duen epean atxilotuaren babes falta «ikaragarria» da. Bestalde, tratu txarrak edo torturak pairatu edo salatuz gero, ia ezinezkoa da hori frogatzea, eta kasuen %90ean artxibatu egiten dira.
Jaurlaritzako Herrizaingo, Justizia eta Osasun sailek Inkomunikaturiko Pertsonen Laguntzarako Koordinazio Protokoloa abiatu zuten iragan apirilean «inkomunikatuen eskubideak bermatu eta iluntasuna ekidin» nahian; baina, protokolo hori ez dela eraginkorra kritikatu dute. «Protokoloak ez ditu eragozten torturak edo tratu txarrak. Ez da nahikoa eta ez du bermatzen tratu txarrak ez egotea», esan zion Berriari Txema Urkijo Justizia Saileko Giza Eskubideetako zuzendariak iazko uztailean.Iritzi berekoa da Benito Morentin auzi-medikua ere. Jaurlaritzako Justizia Sailaren menpeko Lege Medikuntzarako Euskal Institutuan aritzen da, eta bere ustez, «protokoloak ez du neurri berririk ezartzen»; bere lanari dagokionez, esaten du auzi-medikuek egunero bisitatzen dituztela atxilotuak, eta ez Ertzaintzarekin bakarrik. Morentinen arabera, gainera, medikuak bisitatuta ere, ezin da ziurtatu torturak emango ez direnik, «badaudelako antzeman ezin direntorturak». «Torturak erabat desagertzeko neurri bakarra inkomunikazioa kentzea da. Ikerketa poliziala aurretik egin behar da, eta ondoren atxiloketa», esan zuen Berriari eskainitako elkarrizketa batean. Atxilotuak ere kexu dira protokoloarekin. Protokoloa abian jarri ostean torturak salatu zituzten lehen atxilotuek honela kontatu zuten: «Nire amak protokoloak aipatzen duen telefono horretara deitu zuenean, esan zioten baietz, atxilotua nengoela eta Euskal Herriko polizia etxe batean nengoela, auzi-medikuaren bisita izan nuela, eta besterik ez».
TORTURA
172 atxilotu inkomunikatu zituen Ertzaintzak 2000tik 2003ra bitarte
Atxilotu horietatik 117k jarri zuten Ertzaintzaren kontrako salaketa tratu txar edo torturengatik; inkomunikazioa luzatu zitzaienen kasuan, berriz, salaketen batez bestekoa handiagoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu