Araba, Bizkai eta Gipuzkoako boz-emaileek Eusko Legebiltzarreko 75 eserlekuak nola banatuko diren erabakiko dute gaur. Baina heldu den lau urteetan Ajuria Enea jauregian nor egonen den jakiteko gehiago itxaron beharko da. D3M hauteskunde plataformak legez kanporatzearen gainetik pasatu, eta haren alde bozkatzeko deia berretsi du berezko botopaperak argitaratuz.
Ezker abertzaleko zerrendak onartu ez izanak, Eusko Legebiltzarraren balantza aldatu du, eta inkestek diotenaren arabera, PSE-EEk eta PPk gehiengo osoa lortzeko aukera dute. Hirukoak, ordea, Aralarren laguntza beharko luke Eusko Jaurlaritza eskuratzeko joan den legealdian bezala.Betiere inkesten arabera, UPDk ordezkari bat lor lezake Araban.
Inkestak inkesta gaur arratsean gauzak argi geldituko dira. Boza emateko 09:00etatik 20:00etara 2.735 bozkatzeko mahaiak irekita egonen dira 762 bozkalekutan banatuta. Zalantza dago parte-hartzea zenbatekoa izanen den. 2005ean %68koa izan zen, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen batez bestekoaren 1,66 puntu gorago. Posta bidez bozkatzeko eskaerak behera egin du. 43.162 herritarrek erabili dute aukera hori, aitzineko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino %13,44 gutxiagok. 2005ean, herritarren %16k bozkatu zuen eguerdirako, eta %48k 17:00etarako.
Hauteskunde egunean segurtasuna bermatzeko Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du 5.000 ertzain lanean arituko direla. Horietariko 2.000k bozkalekuak zainduko dituzte, eta gaineratekoak ohiko lanean arituko dira, kontuan hartuz egun osoa alerta egoeran egonen direla. Bozkalekuak zainduko dituzten agenteek bozkatzeko mahaien presidenteen aginduetara egonen dira, haien esku baitago propaganda debekatzea mahai inguruetan, eta bozkalekura sartzeko kontrola.
D3Mren botopaperak ez dira ofizialki zenbatuko, baina baliogabeetan sartuko dira, eta jaso duen babesaren ideia bat emango du, kontuan hartuz 2005eko hauteskundeetan baligabeak 4.035 izan zirela. Hauteskunde plataformak zailtasunak izan ditu botoa eskatzeko eta botopaperak banatzeko, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak haren jarduera eten zuenetik, kanpainaren laugarren egunean. Ertzaintzak hainbat atxiloketa, miaketa eta identifikazio egin ditu D3M hauteskunde plataformaren botopaperak zabaltzen edo haren afixak jartzenari zirelakoan.
Emaitzak 23:00etan
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak 23:00etan jakinaraziko ditu behin betiko emaitzak Javier Balza sailburuak eginen duen bigarren agerraldian. Ordu batzuk lehenago emaitzen hurbilketa bat eginen du «zenbaketa esanguratsua izango denean». Ez du zehaztu zer ordutan. Parte-hartzearen datuak emanen ditu 13:00etan, 18:00etan eta bozkalekuak hesterakoan, 20:00etan. Antolakuntza horretarako Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak 3.500 lagun paratuko ditu lanean zenbaketa jarraitzeko eta emaitzak ahal bezain azkar zabaltzeko.
EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. BOZKATZEKO EGUNA
1.776.052 herritarren esku dago Eusko Legebiltzarraren osaera
Ezker abertzalearen hautagaitza legez kanpo, zazpi alderdi politiko ibiliko dira nagusiki 75 eserlekuen lehian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu