'18/98 sumarioa'

18/98 + taldea aurkeztu dute "eskubide zibil eta politikoen" defentsan

18/98 sumarioan "oso larriak diren bidegabekeriak" daudela iritzi diote 18/98 + lan taldeko kideek, hala nola, "auzipetuen berme juridikoa ezabatzea", eta "legeriaren erabilera politikoa". "Estrategia politiko jakin baten" arabera, Euskal Herria herri bat dela eta herri bezala erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzen dutenen "askatasun zibil eta politikoak" urratu direla iritzi diote. Eta beraz, askatasun eta eskubide horiek pertsona guztienak dinerez, epaiketa honen aurrean ezin dutela "axolakabean" gelditu azpimarratu dute. "18/98 + lan taldea osatzen dugunok ez gatoz bat ezinbestean gure ikuspegi politiko eta sozialean" azpimarratu dute.

2004ko abenduaren 17a
17:38
Entzun
18/98 sumarioan auzipetutakoek eta sumario hori dela eta kezkatuta dauden lagunek osatzen dute lan taldea. Han daude, besteak beste, Mariano Ferrer, Elkarriko kide Maixux Rekalde, EHNEko lehendakari ohi Maite Aristegi, Joxe Mari Elosua Abokatua, Txema Auzmendi Kazetaria, Olatz Altuna JZFaren kidea eta Xabier Ezeiza abokatu eta irakaslea.

Beraien iritzian, "18/98 sumarioa, zilegi eta bidezkoak diren jarduera politiko eta sozialak ETAren konplize, laguntzaile edo kide izatearekin parekatzen duen tesia frogatzea helburutzat duen sumario iturburua da". Gainera, tesi horretatik, sumario eta jarduera asko sortu direla nabarmendu dute.

Sumario horretan, "Zuzenbide Estatuaren funtzionamendu normalaren aldean oso larriak gertatzen diren bidegabekeriak" daudela diote, eta adibide gisa jarri dituzte: "auzipetuen berme juridiko eza, eta legeriaren erabilera politikoa".

"Estrategia horren helburua Euskal Herriko esparru sozial eta politiko zabal bat espainiar legeriatik kanpo" uztea dela iritzi diote, eta horretarako, "Euskal Herria herri bat dela eta herri bezala erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzen duten pertsona eta taldeen askatasun zibil eta politikoak" urratu direla.

Eskubide, askatasun eta berme horiek herritar guztienak direla aldarrikatu dute, auzipetuta egon edo ez, eta horregaitik, ez dutela beste aldera begiratuko epaiketa horren aurrean.

"Bere aniztasuna eta aberastasun soziala errespetatzen duen Euskal Herria askatasunez eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuz eraiki ahal izatea" aldarrikatu dute.

Egitekoak

Lan taldeak, hiru arlo nagusi landu nahi ditu. Lehena nazioartekoa da, epaiketan nazioarteko begiraletza bermatu nahi dute, eta Euskal Herritik kanpo ere "Espainiako Estatuak burutu nahi duen gehiegikeria" ezagutzea. Bigarrenez, zuzenbidean adituak direnen arreta eta konpromisoa bideratu nahi dute, eta hirugarrenez, "euskal herritarron, guztion, eskubideak, eskubide guztiak" auzian daudela-eta, mobilizazio deia egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.