1936ko gerran faxistek fusilatutako lau gudari oroitu dituzte Elgoibarren, Ziardamendin (Gipuzkoa), haien arrastoak lurpetik ateratzeko ekitaldian. Aranzadi Zientzia Elkarteak 2002. urtean izan zuen hobiaren berri, etaekainaren 9an ezagutu zuten zehazki lau gudariak non lurperatu zituzten. Atzo hasi ziren hilotzak hobitik ateratzeko lanekin. Gaur ere arituko dira horretan, baina gudariei omenaldia atzo egin zieten hainbat herritarrek, Ahaztuen Oroimena Markinako elkarteak (Bizkaia) eta Elgoibar 1936 taldeak prestatutako ekitaldi batean.
Elkarteek herritar orori dei egin zien «Euskal Herriaren defentsan bizia eman zutenen» omenaldian parte hartzera, eta hainbat pertsona batu ziren Ziardamendin. Baita zenbait ordezkari politiko ere; han izan ziren Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, besteak beste. Aiastian elkartu ziren 11:30ean, eta handik oinez joan ziren gudariei lur eman zieten lekura. Ikurrinak eraman zituzten joandako ugarik. Lore sortak utzi zituzten hilobian, eta aurresku bat dantzatu zuten, hildakoen omenez.
Paco Etxeberria EHUko auzitegi medikuntzako irakaslea ari da gorpuak ateratzeko lanak zuzentzen. Eusko Jaurlaritzak osatutako hobien mapan agertzen direnetako bat da Ziardamendikoa. Hain zuzen ere, 1982an beste sei pertsonaren arrastoak atera zituzten inguru horretan.
Egun bakarra frontean
1936ko irailaren 25ean tiroz hil zituzten lau gudariak. Bilbotarrak ziren denak, eta EAJko militanteak. 150 boluntario batu zituzten Abandoko, Barakaldoko, Begoñako eta Deustuko batzokietan, eta frontera eraman zituzten, autobusetan. Maltzagara ailegatu ziren (Gipuzkoa), eta handik Elgoibarrera jo zuten, San Migelen kokatzeko. Irailaren 24ean joan ziren frontera, eta 25ean hil zituzten, goizeko hiru eta erdiak aldera. Hamar lagun hil zituzten gau hartan; duela 30 urte hobitik ateratako seiak eta atzo omendutako laurak.
Beste eraso batek oihartzuna kendu zien Elgoibarko hilketei; hilaren 25ean bertan, biharamunean, zazpi hegazkin alemaniarrek Bilbo bonbardatu zuten. 88 hildako eta 649 zauritu eragin zituzten, Iñaki Egaña historialariaren arabera. Bonbardaketa hura ez zen kasualitatea izan, Egañaren ustez: «Egun hartan izendatu zuten Manuel Irujo gobernu errepublikarreko ministro, eta egun berean joan zen frontera Eusko Gudaroztea».
1936ko gerrako lau gudari omendu dituzte, hilotzak ateratzeko ekitaldian
1936ko irailaren 25ean fusilatu zituzten EAJko lau gudari, Elgoibarren, Ziardamendin; Bilbokoak ziren laurak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu