Gasteizko kaleak zeharkatu dituen manifestazio jendetsu batek gogoratu ditu 1976an Espainiako Poliziak Arabako hiriburuan hildako bost herritarrak. Era berean, EH Bilduk, PSE-EEk eta hainbat sindikatuk lore eskaintzak egin dituzte sarraskiaren biktimak gogoratzeko Zaramaga auzoan dagoen monolitoan.
Auzo horretan San Frantzisko elizan egiten ari ziren langile-batzar bat desegiterakoan poliziak ehun bat lagun zauritu eta bost hil zituen, tiroz: Pedro Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda.
Urtero legez, hori gogoratzeko, manifestazioa egin dute. Hainbat gizarte eragilek —Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak, besteren artean— eta ELA, ESK, LAB eta Steilas sindikatuek deitu dute mobilizazioa. Aurten, pankarta nagusia emakumeen kolektiboek eraman dute, mugimendu feministak martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioak babesteko. Aurretik, omenaldi ekitaldia egin dute Zaramaga auzoko Martxoak 3 plazan.
Emakumeek daramate manifestazioaren buruko pankarta. Ez du inork sinatzen. Atzean, Gasteizko herri mugimenduko ordezkariak doaz. @berria#Martxoak3pic.twitter.com/2qbKTiP2ow
— Jon Rejado (@rejaudas) 3 de marzo de 2018
Estrasburgora
Martxoak 3 Elkartea Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko modua aztertzen ari da, Espainian genozidioa eta gizateriaren aurkako ustezko delituak egotzita Espainian abiatutako bide judizial guztiak agortu ostean. Arabako Foru Aldundiaren, Batzar Nagusien eta Gasteizko Udalaren babesa jasoko lukete horretarako.
Espainiako auzitegien arabera, 1976ean indarrean zegoen legedian delitu horiek aurreikusita ez zeudenez, artxibatu egin dira salaketa guztiak.
EH Bilduk egindako ekitaldian eraildako langileen zenbait senidek hartu dute parte. Miren Larrion Gasteizko Udaleko bozeramaileak egia, justizia eta erreparazioa galdegin du sarraskiko biktima guztientzako.
PSE-EEk ere egin du ekitaldia, hildakoen omenez Zaramagan jarritako monolitoan. Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEren idazkari nagusiaren iritziz, martxoaren 3ko biktimak langileen eskubideak defendatzeagatik hil zituzten. Orduko borrokak egungo egoerara ekarriz, lan erreforma baliogabetu behar dela aldarrikatu du, eta pentsiodunen erosteko ahalmena errekuperatu behar dela.
LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ere ekitaldiak egin dituzte toki berean.