1978ko sanferminetako gertakarien egia argitara atera eta arduradunen zigorgabetasuna amaitzeko, gertakari horiei buruzko informazio ofiziala desklasifikatzeko galdegin dute Espainiako Kongresuko hainbat taldek. Atzo erregistratu zuten legez besteko proposamena Kongresuan. Espainiako Gobernuari eskatu diote publiko egin ditzala, besteak beste, Iruñeko zezen plazan eta haren inguruetan esku hartu zuen polizia operatiboaren arduradunen identifikazioa eta poliziak eman zituen agindu eta argibideen grabazioak. Gertakari horietan, German Rodriguez gazte iruñarra hil zuen Poliziak, bekokian tiro bat emanda.
Aurten, 40 urte beteko dira Poliziak German Rodriguez hil zuela, eta 78ko Sanferminak Gogoan plataformak haren oroimenezko eskultura bat jarriko du Iruñeko zezen plazaren ondoan. Dirua biltzeko kanpaina bat abiatu zuen horretarako, otsailean. Atzo jakinarazi zuen Dora Salazar artistak eginiko eskultura finantzatzeko behar zuen dirua bildu duela. Eskulturaren inauguraziorako dirua biltzen jarraituko du plataformak.
Iazko azaroan, gertakarien gaineko informazioa desklasifikatzearen alde agertu zen Nafarroako Parlamentua, 78ko Sanferminak Gogoan plataformaren eta sanferminetako peñen eskariz. Informazio hori desklasifikatzearen alde bozkatu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak.
Taldeen proposamenak Espainiako Sekretu Ofizialen legea hartu du oinarri. Hain zuzen, lege hori moldatzeari buruzko EAJren proposamena ari da eztabaidatzen Espainiako Kongresua. Frankismo garaikoa da egun indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea, 1968koa, eta hura moldatzeko EAJren proposamena tramitera onartu zuen parlamentuak 2016ko azaroan. Orduz geroztik, prozedura etenda eduki dute, atzo arte. Hori dela eta, kontuak eskatu dizkio gaur EAJk Mariano Rajoyren gobernuari.
PPk eta PSOEk erreforma adostu dute
Espainian, sekretu ofizialtzat jotako agiriek ez dute desklasifikatzeko eperik, eta agintari politikoei dagokie erabakitzea dokumentu bat desklasifikatzen duten. Historialarien lana oztopatzen du horrek. EAJk proposatu du epe bat jartzea, 25 urtekoa, eta hori gehienez beste hamar urtez luzatzeko aukera izatea. Gainera, EAJren proposamenaren arabera, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak baino ez du izan behar eduki bat klasifikatzeko eskumena; izan ere, gaur egun, gobernuaz gain, armadako Estatu Nagusiko Buruen Batzordeak ere badu gaitasun hori.
PPk, PSOEk eta Ciudadanosek emendakinak aurkeztu dizkiote EAJren proposamenari. Aitor Esteban EAJko diputatuak salatu duenez, PPk aurkeztutakoak, "ezer ere ez aldatzeko" moldaketak dira, sekretuak luzatzeko aukerekin, sekretupeko epeak "50 urtera arte" iraun baitezake.
Horrez gain, Estebanek ohartarazi du klasifikatutako informazioaren arduradun CNI Espainiako inteligentzia zerbitzuko zuzendaria ezarri nahi duela PPk. "Azeria oiloak zaintzen jartzea da hori".
PSOE eta Ciudadanosen emendakinak ere kritikatu ditu Estebanek. Haren esanetan, informazio klasifikazioa luzatu nahi dute bi alderdiek, ez baitute desklazifikazio automatikoa ontzat jotzen legearen erreforma indarrean sartzen denerako epe horiek bete dituzten dokumentuen kasuan. "Guztiontzako iruzurra da hau".
Rajoy gustura azaldu da, Espainiako Kongresuan Sekretu Ofizialen legea moldatzeko eztabaida egingo delako, eta gaineratu du erabakiak zuhurtzia handiz hartzea komeni dela, gai oso sentibera dela iritzita. "Pertsonen defentsari eta segurtasunari eragiten dio".
Zigorgabetasuna, berretsita
Zenbait informazio sekretupean mantentzeak frankismo garaiko hainbat hilketa eta giza eskubide urraketa argitzea eragozten du, baina ez da hori lege oztopo bakarra. 1977ko Amnistia Legeak zigorgabetsuna aitortzen die delitu horien arduradunei. Atzo, 1977ko Amnistia Legea moldatzeko EH Bildu eta ERCren proposamena eztabaidatu zuen Espainako Kongresuak, EH Bilduren eta ERCren ekimenez. Legea frankismo garaiko krimenak ikertu eta epaitzeko oztopo izan ez zedin aldatzea proposatu zuten bi taldeek, eta EAJ, Unidos Podemos, PDeCAT, Compromis eta Nueva Canariasen babesa lortu zuten. Aldiz, neurria ez zen onartu; kontra agertu baitziren PSOE, PP eta Ciudadanos.