1985eko legea berreskuratuko du PPk, abortua oztopatzeko

Ruiz Gallardonek baieztatu du Espainiako Gobernuak aldatu egingo duela 2010etik indarrean dagoen Abortuaren LegeaHaurdunaldia eteteko, gurasoen baimena beharko dute 16 eta 17 urteko neskek

jon olano
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak aldaketa partziala egingo dio 2010etik indarrean dagoen Abortuaren Legeari. «Jada Konstituzio Auzitegiak ezarritako doktrinan» oinarrituko da aldaketa. Auzitegi horrek 1985. urtean eman zuen abortuari buruzko iritzia, eta orduko sententziak ezarri zituen 25 urtez indarrean izan ziren hiru irizpideak: abortatzea legezkoa zen haurdunaren osasunarentzat kaltegarri izanez gero, fetuak arriskua izanez gero edo bortxaketa bat jasanez gero.

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak baieztatu du Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoaren moldaketa. Atzo berretsi zuen asmo hori, ministro izendatu zutenetik Espainiako Kongresuan egin duen aurreneko agerraldian. 2011-2015 legealdirako plana aurkeztu zuen Gallardonek, eta Justizia Ministerioak hainbat alorretan egingo dituen aldaketak iragarri zituen. Espainiako Kongresuko PPko parlamentari Beatriz Escuderok berretsi du PPk 1985eko legea berreskuratuko duela. Escuderoren ustez, arau hori dago gizartean «erabat finkatuta».

Haurdunaldia eteteko, 16 eta 17 urteko neskatoek gurasoen baimena beharko dute legea aldatutakoan. Izan ere, urte tarte horretakoek ez dute gurasoen baimenik behar indarrean dagoen legearen arabera. Gurasoen baimenik ez, baina 2010eko legeak abortatzeko asmoa haiei jakinaraztera derrigortzen ditu neskak, salbuespenekin; mehatxuak, jazarpena edo familia barruko indarkeria jasateko arriskua duten neskek ez dute betebehar hori.

2010eko legea «adostasunik gabe eta organo kontsultiboen aurkako iritziarekin» onartu zela argudiatu du Gallardonek arau hori aldatzeko. Hain zuzen, Espainiako Fiskalen Kontseiluak 2010. urteko legearen aurkako txosten bat egin zuen 2009ko ekainean, abortua ez dela eskubide bat argudiatuta. Aldiz, Espainiako Kontseiluak aho batez ebatzi zuen, 2009ko irailean, araua ez zela konstituzioaren aurkakoa.

Iragarritako aldaketen artean garrantzitsuena da Abortuaren Legean egingo dutena, Gallardonek ziurtatu duenez: «Ez dadila inor harritu; legea aldatuko zuela agindu zuen PPk hauteskundeetan». Erreformak PPren «printzipioak» jasoko dituela gaineratu du Gallardonek. Iragarpenak inor gutxi harrapatu du ezustean; 1985eko eta 2010eko arauen «arteko» eredu bat nahi duela esana du Mariano Raxoi Espainiako presidenteak, eta araua aldatzea zen PPren hauteskunde programako ataletako bat: «Egungo arauaren eredua aldatuko dugu, bizitzarako eskubidearen eta adingabeen babesa sendotzeko».

Helegitea ebazteko zain

Haurdunaldia etetea arautzen duen legea 2010eko uztailaren 5ean sartu zen indarrean, eta lehen unetik izan zuen PPren aurkako jarrera. Legea konstituzioaren kontrakoa delakoan, Konstituzio Auzitegian helegitea jarri zuten PPk eta Nafarroako Gobernuak; araua behin-behinean indargabetzeko ere eskatu zuten. Ozta-ozta —boto baten aldearekin—, araua ez indargabetzea ebatzi zuen auzitegiak, bainaoraindik ez du erabaki helegitearen gainean.

Konstituzio Auzitegia osatzen duten hamabi epaileen artean gehiengoa du alde aurrerakoiak. Dena den, organoaren berrikuntza geldirik da 2010az geroztik, orduan izendatu behar baitzituzten lau epaile berri. Espainiako Gobernuko eledun Soraya Saenz de Santamariak herenegun jakinarazi zuen izendapen horiei «lehenbailehen» ekiteko asmoa duela gobernuak. Izendapen berriek aldaketa eragin dezakete Konstituzio Auzitegian alde kontserbadorearen mesedetan, eta Abortuaren Legearen gaineko sententzian ere eragin dezake.

2010. urtera arteko datuen arabera, umedunaren osasuna arriskuan egotea izan zen Hego Euskal Herrian haurdunaldia eten zutenen %90 baino gehiagoren arrazoia. 2010eko uztailetik, Abortuaren Legea indarrean denetik, berriz, abortuen %1ean argudiatu dute haurdunaren osasuna arriskuan zegoela. EAEko Auzitegi Nagusiko Gai Sozialetako Aretoko presidente Garbiñe Biurrunek adierazi du indarrean dagoen legeak ez duela aldaketarik behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.