Urtero bezala, departamenduko osasun zerbitzuek (DASS) edateko uren kalitateari buruzko txosten bat egin zuten 2002an. Alabaina, txostenaren emaitzak ez ditu DDASSek berak plazaratu, CADE elkarteak baizik (ingurumen arloan dihardu). Bi kutsadura mota daude, oro har, Ipar Euskal Herriko edateko uretan: lehena kalitate baktereologiko txarrak eragiten du, eta bigarrena kalitate fisiko-kimiko txarrak.
Uren kalitateak berak baino eztabaida eta haserre gehiago piztu ditu DASSeko zuzendariaren jarrerak. Victor Pachon CADEko kideak urteko azterketen bilduma eskatu zion DDASSeko zuzendariari. «Pertsonalki eskatu nion 2002ko txostena, eta zuzendariak adierazi zidan DDASSek ez duela uraren kalitatea aztertzeko txosten ofizialik egin», dio Pachonek. Alabaina, bai CADEk eta bai Berriak 2001eko eta 2002ko txostenak lortu dituzte.
«Zerk bultzatu du DDASSeko zuzendaria horren ilun jokatzera guztiz uhargi beharko lukeen gaiaren inguruan? Ez ote dugu herritarrok eskubiderik jakiteko edaten dugun ura kalitatezkoa ala kutsatua den?», galdetu du Pachonek.
Kalitate baktereologikoa dela eta, Ipar Euskal Herriko 25 herrik bederen herritarrei uraren kalitatea txarra zela jakinarazteko agindua jaso zuten iaz. Hala ere, multzoa bi zatitan banatzen da, ardurenean kalitate txarra daukaten herriak eta behin-behineko kalitate txarra daukatenak. Hemeretzi herrik osatzen dute talde handiena, lehen multzoan sailkaturik.
Bigarren atalean, kalitate fisiko-kimiko txarra duten herriak kokatzen dira. Usaian araudiak errespetatzen ez dituzten atalean hamar herri daude, guziak mendi aldekoak. Hamaika herri daude araudia noizean behin urratzen dutenen zerrendan.
Ezohiko arau-hausleen zerrendan bertze hamabi herri edo egitura agertzen dira.
Hainbat elementuk eragin dezakete kalitate fisiko-kimiko txarraren zerrendan agertzea. Lurraren osaerak berak eragin handia dauka uraren kalitatean. Baigorri aldean, adibidez, lurrak azidotasun handia dauka. Euriteen ondorioz, azidotasun hori handitzen da, eta hodiei zein estolderiei erasotzen die.
Laborantza eremuetako etxe anitz zaharrak dira, eta berunezko hodiak dituzte. Azidotasun horrek hodiei erasotzen die, eta egoera jarraikia izanez gero, kalte handiak eragin ditzake osasunean. Muturreko egoeran, adibidez, saturnismoa eragin dezake.
Segurtasun xedarriak
Arazoak dituzten herri gehienak mendi aldean daude. Teorian ibai zein erreken iturburuetatik hurbilen dauden herriak dira. Baina gehienak laborantza edo abeltzaintzatik bizi dira, eta jarduera horrek iturburu zein arroak kutsatzen ditu.
Legeak segurtasun xedarriak ezartzen ditu. Hiru xedarri mota daude: berehalakoak, hurbilekoak eta kanpokoak. Xedarri hauek ongi babesturik egon ezean, kabalen gorotzak iturburuak kutsatzen ditu. Gauza bera gertatzen da laborantzako ongarriak eta belarra hiltzeko gaiak arroetatik hurbil erabiltzen direlarik.
Laborantzak eragindako kutsadura handia da Bidaxune inguruetan. 2000. urtean Frantziako heina gainditzen zuen, etaEuropakoa bikoizten. Iaz Europak onartzen duena halako lau izan zen.
2002. urtean, edateko uren kalitatea txarra izan da hainbat herritan
Departamenduko osasun zerbitzuek txostenik ez dutela egin diote, baina CADEk eskuratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu