Bi mila eta hamaikagarren urtean, abuztuaren 26. egunean, Zarauzko herriko malekoiaren aurrean, balea agertu zen zazpiak aldean. Horra atzo goizeko kronika Zarautzen (Gipuzkoa). Artean bizirik zegoen kaxalote bat azaldu zen herriko hondartzara, goizean goiz. Gaixorik zela uste dute adituek, eta lehorrera jo zuela. Bi orduren buruan, 09:00etan, hila zen.Lanak izan zituzten ateratzen; garabiak erabili zituzten azkenean.
Handia bazen, eta mantsoa ibilian. Hasiera, hondarra harrotuz zebilen murgil igerian; gero, gorputz erdia hondarpean geratu zen. «Lehorreratzen direnean, toraxa estutzen hasten zaie, arnasa bizkortzen...». Animalia bizirik zela heldu zen Zarautzera Ilargi Goenaga Ambar elkarteko kidea, egoera zertan zen jakiteko asmoz.
Ez zen bakarra izan. Zarauztarrak, ikusi zutenean han zebilela, berehala joan ziren kameraren bila. Hurbil-hurbiletik egon ziren batzuk begira; gertuegi ere bai. «Ezin da esan jendearen eraginez hil denik, noski. Baina guk saiatu behar dugu estres gehiago ez sortzen animaliari. Jendea hezteko beharra geratu da agerian: errespetua gordetzen, distantziari eusten... Gaixorik egon baitaiteke», dio Goenagak. Ertzainek atzerarazi zituzten balearen ondotik. Hantxe goizeko irudia: dozenaka lagun jiran, eta erdian balea.
Eguerdian hasita egin zuten, bai, nahiko pelea. Ambar elkarteko kideek aurrena: «Goizetik, gure nahia zen zerbait egitea. Gaztea zen, fresko zegoen, eta norbaitek hartzea nahi genuen, gero hezkuntzan erabiltzeko. Ezin zen utzi hondartza erdian». Ados jarri ziren Aranzadi zientzia elkartea eta Donostiako Aquariuma, animaliaren kargu egiteko. «Animalia oso berezia da kaxalotea. Jendeak badu ikusteko gogoa. Galdezka etorri zaizkigu, noiz eta non jarriko dugun», adierazi du Aquariumeko ordezkari Esther Irigaraik.
Arratsean hasi ziren ateratzen. Handia baitzen: hamabost metro luze, gerria ere lodi; gorputzez zen 1.700 arroa —hogei bat tona—. Ontzia iristen ez, eta garabien bidez lehorreratzea erabaki zuten.
Aranzadiko ikertzaileek aztertuko dute, eta Aquariumak lurpean gordeko du, lau-bost urtez. Gero jarriko du erakusgai. Orioko balearen historia da ezaguna, baina Donostiako Aquariumean Zarauzko bigarren balea izango da atzo hildakoa. 1878an harrapatu zuten orain dagoena; euskal kostan modu tradizionalean harrapatutako azkena. Hark ere badu berea: getariarrek eta zarauztarrek elkarrekin harrapatu zuten, baina norena zen ados jartzen ez, eta bitartean usteldu zitzaien. Nahita ustelduko dute atzokoa.
2011. urtean abuztuaren 26. egunean
Zarauzko hondartzan goizean goiz agertu den balea ateratzeko komeria handiak izan dituzte; garabiak erabili dituzte azkeneanAranzadik ikertuko du animaliaren gorpua, eta Donostiako Aquariuma egingo da kargu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu