Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eta Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak Nafarroan AHT Abiadura Handiko Trena eraikitzeko akordioa sinatu dute gaur, Iruñean. Horren arabera, Castejon eta Iruñea arteko ibilbidearen eraikuntza lanak 2011n hasiko dira, eta 2015erako bukatuta izatea aurrikusi dute. Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak atzo hitzarmena sinatzearen alde bozkatu zuen. Eraikuntza lanak Adif Espainiako Trenbide Azpiegituretarako erakunde publikoak kudeatuko ditu.
Sanzen eta Blancoren sinadurak 2009ko maiatzean Nafarroako eta Espainiako Gobernuek adostutakoa ofizial egin du. Zehazki, bi gobernuen eta Adifen arteko lankidetza ituna, eta Iruñea eta Castejon arteko ekintza zehatzak agintzeko lankidetza harremana da sinatu dutena. Zaragoza (Aragoi, Espainia) eta Iruñea lotuko ditu AHTak.
Sanzek atzo jaso zuen hitzarmena sinatzeko Nafarroako Parlamentuaren baimena. UPNk, PSNk, IUNek eta CDNk alde bozkatu zuen, eta NaBaik, berriz, aurka.
Kontrako erreakzioak
Hitzarmenak, ordea, eragin du aurkako erreakziorik Nafarroako politikan. Alde batetik, Uxue Barkos Iruñeko Udaleko NaBaiko bozeramaileak erran du hitzarmenarekin ez dutela ekarriko AHTa Nafarroara, "Estatuaren azpiegitura orokorretarako planean zetorrelako". "Proiektu honek kostua eta irabazia du: kostua, nafar guztiok ordaintzen duguna da aurrikusitako kredituen interesekin, eta, irabazia, Miguel Sanzen taldearena, lanak 400 milioi euroren truke baimenduko dituelako".
Mikel Gastesi Iruñeko Udaleko ezker abertzaleko zinegotziak, berriz, AHTaren proiektua "antisoziala" dela erran du, "herritarrei baino, eraikuntza enpresei eta banketxeei" mesede egiten dielako. Salatu du UPNk eta CDNk "beharrezkoa ez den proiektuan dirua xahutu" dutela.
2011n hasiko dituzte AHTaren lanak Nafarroan
Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eta Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak gaur sinatu dute akordioa. 2015erako eraikia egonen dela aurrikusi dute. Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak atzo eman zion oniritzia erabakiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu