2012. urterako herritarrek erabiltzeko eran izango da Bilboko metroaren 3. linea

Metroaren linea berriak Etxebarri udalerria eta Bilboko Matiko auzoa lotuko ditu

Erredakzioa
2008ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bilboko metroaren hirugarren linea 2012. urterako erabilgarri izango da. Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Diputazioko eta Bilboko Udaleko agintariek atzo esan zutenez, Matiko auzoa eta Etxebarri udalerria lotuko dituen linea berria egiteko lanak aurtengo udan hasiko dira. «Egungo herritarren beharrei erantzungo die linea berriak», azaldu zuen Nuria Lopez de Gereñu Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak.

Eusko Legebiltzarrak aspaldi onartu zuen metroaren hirugarren linearen proiektua, baina atzora arte, ez zen zehaztasun gehiagorik eman. Lopez de Gereñuk, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak eta Iñaki Azkuna Bilboko alkateak elkarrekin egin zuten metroaren hirugarren linearen aurkezpena. Ez ziren metroaren linea berriaren aurkezpena egitera mugatu, eta hurrengo urteetan Bilbo eta Bizkaiko garraio publikoa hobetzeko egingo dituzten lanen berri ere eman zuten.

Matiko eta Etxebarri lotuko dituen metroko linea berria lau urte barru izango da erabiltzeko moduan. Linea berriak 5,8 kilometro izango ditu, eta 153 milioi euroko inbertsioa eskatuko du. Ia 6 kilometro horietatik ia guztiak (%90) lurpean joango dira. Lopez de Gereñuk esan zuenez, metro geltokietatik oinez joanda, 10 minutuko eremuan 71.000 pertsona bizi dira, eta horiei zuzen-zuzenean eragingo die garraio azpiegitura berriak.

Matiko eta Etxebarri arteko tartea egin ahal izateko, 10 minutu behar izango ditu. Linea berriak zazpi geltoki izango ditu: San Antonio Etxebarria, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Uribarri, Zazpikaleak eta Matiko. Bi geltokiren arteko zatirik luzeena Zazpikaleak eta Matiko lotuko dituena izango da; bi minutu eta erdi beharko ditu lurpeko trenak geltoki batetik bestera joan ahal izateko. Linea berria Zazpikaleetako geltokian lotuko da lehen linearekin. Hori egin ahal izateko, Zazpikaleetako geltokia berritu eta egokitu beharko dute.

Linea berriak Bilboko Metroak gaur egun daukan itxura bera izango du. Dena dela, erakunde publikoek oraindik ez dute argitu zein enpresa izango den linea berriaren kudeaketaz arduratuko dena. Bilboko Metroa edo EuskoTren izan daitezke. «Linea berriaren kudeatzailea Udala bera ere izan daiteke», azaldu zuen Azkuna Bilboko alkateak.

Lopez de Gereñuk nabarmendu zuenez, metroaren linea berriarekin herritarrek dituzten eskaerak eta beharrak asebeteko dituzte. Era berean, Bilboko Metroak bere lineak zabaltzeko asmoarekin jarraitzen duela azaldu zuen. Hala, Moyua plaza Errekalde auzoarekin lotzeko linea aztertzen ari direla azaldu zuen. Linea hori metroaren laugarrena izango litzateke, eta Zabalburu plazatik eta Irala auzotik igaroko litzateke. Metroaren bosgarren linea ere buruan dute agintari politikoek. Gaur egungo Etxebarri herriko geltokia (lehen linearen muturra da) Galdakaorekin eta Usansolorekin lotuko luke beste linea horrek.



TRANBIA LINEA BERRIAK BURUAN. Bilboko garraio publikoa hobetzeko lanak ez dira metrora mugatuko. Azkuna alkateak esan zuenez, Basurto eta Errekalde auzoak lotuko dituen tranbia linea berria egiteko lanak aurtengo udan hasiko dira. Udalaren asmoa da tranbiaren linea berriak Autonomia kaletik aurrera egitea, Zabalbururaino, eta hortik behera Plaza Zirkularrera joatea, Hurtado de Amezaga kaletik. Tranbia Errekalde auzoraino luzatzeko lanek 7,4 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta 18 hilabetean amaituta egongo dira.

Bilboko metroaren hirugarren linearen egitasmoak hainbat ika-mika eragin ditu Bizkaiko eta Euskal Herriko agintari politikoen artean. Horiek guztiak gogoan izan zituen Azkunak. «Hemen dago hirugarren linea, eta laugarren eta bosgarren lineak nola egin aztertzen ere ari gara», adierazi zuen, kritikak egin dituztenei erreferentziak eginez.

Bilbok, bere aldetik, metroa Meatzaldera eramateko konpromisoa hartuta daukala azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.