2036: inguruan «nagusiki» erdara, eta ia arnasgunerik ez

'Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa' ikerlana plazaratu du Siadecok, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz.

UEMA Egunaren ekitaldia, iazko maiatzean, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
UEMA Egunaren ekitaldia, iazko maiatzean, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko uztailaren 10a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamar urteren buruan, zaharragoak izango dira euskal hiztunak, eta inguru erdaldunagoa izango dute gehienek: oro har, euskararen ezagutza maila apalagoa izango dute, etxean nagusiki gero eta gutxiagok erabiliko dute, eta erdararen nagusitasun handiko eremuetan biziko dira erdiak baino gehiago. «Laburbilduz, euren eguneroko bizimoduan inguruan nagusiki erdara duten euskal hiztunak gero eta gehiago izango dira». Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorio nabarmenenetariko bat da hori —txostena osorik, hemen—. Horrekin lotuta, bada beste bat ere: arnasguneak ere desagertu egingo dira. Joera demografikoek berebiziko eragina dute hizkuntzen bilakaeran, eta etorkizuna irudikatzeko ahalegina eginez, euskararen geroa zein izango den aurreratze aldera ondu du Siadecok azterlana, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz.

Aurrez beste hainbat azterketatan agerian geratuz joan den errealitate bat irudikatu dute proiekzio honetan: euskararako joera berezkoa ez duten hiztunek gero eta toki handiagoa hartuko dute gizartean: «Gero eta gehiago izango dira euskara lehen hizkuntza bakar gisa izango ez dutenak, erdaraz euskaraz baino erosoago egingo dutenak, eta baita euskara menderatzen ez duten euskal hiztunak ere». Eta abisu eman dute: joera horiek zedarritutako geroa meharregia izan daiteke euskararen geroarentzat. «Ez dirudi baldintza egokienak direnik, belaunaldiz belaunaldi jarraipen naturala izango duen eta erabilerari dagokionez bizia izango den hizkuntza izango bada helburu. Eta ez dirudi, bestelako neurriak hartu ezean, epe laburrean norabide aldaketa espero daitekeenik joera horietan».

Azterlanean argi ikus daiteke, era berean, lehendik ere beste hainbat ikerketak erakutsi duten fenomenoa: eremu euskaldunenak, herritarren eguneroko jardun arrunta euskaraz izaten diren espazio horiek, ahultzen eta urritzen ari dira. Euskararen erabilera datuei erreparatuta, %60tik gorakoa duten udalerriak arnasgune izendatzen dira. Horien barruan arnasgune beteak dira %80koa gainditzen duten udalerriak. Siadecoren lanaren arabera, ez da horrelakorik geldituko 2036an. Eta arnasgune erasanak ere —erabilera %60-%80 izaten da horietan— desagertze bidean egongo dira: biztanleen %0,2 besterik ez da biziko eremu horietan. Orokorrean, arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991. urtean; %2,9 ziren 2021ean; eta %0,2 izan daitezke 2036an. Horrela, proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara. 

Ohartarazpenez gain, euskararen bilakaeran atzemandako «alde positiboak» ere azpimarratu dituzte azterlanean. Ez dira gutxi, eta ez dira nolanahikoak. Euskararen ezagutza maila handiagoa da biztanle helduen artean gaur egun, gaztelaniarekin batera bada ere hainbat etxetan euskarak sarbidea izan du, transmisioaren eta erabileraren bilakaera positiboa da atzerrian sortutakoen artean, lurralde eta eremu jakin batzuetan egin dira aurrerabide nabarmengarriak, eta hizkuntzaren «bizitasunari» eutsi egin zaio zenbait eremutan. Horiei «heldu» eta horietan «sakontzeak» berebiziko garrantzia izango duela nabarmendu dute.

Gaur egin dute txostenaren aurkezpena, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. UEMAko lehendakari Martin Aramendik esan du gaur egungo egoeraren diagnostiko doia egin behar dela datuak «behatuta, xehatuta eta aztertuta», eta gero eta hizkuntza politika «eraginkorrago eta zehatzagoak» egin behar direla ikerketa horien emaitzetan oinarrituta. Mankomunitateak lan honen emaitzak aurkeztu dizkie jada hainbat erakunderi eta alderdi politikori. Ekainaren 14an egin zuen batzar nagusian ere eman zituzten ikerketaren gako nagusiak, eta atzo Euskaltzaindian goiz osoko mintegi bat antolatu zuten gai honen inguruan. Hantxe Iñaki Iurrebaso ikertzaileak aurreratu zuen datuek zer ekar dezaketen: «Euskarari lehentasuna eman ezean, gaiari benetan heldu ezean, galera fase batean sartuko da».

Hona ikerketaren ondorio nagusiak, atalka:

 

Euskaldunen ehunekoa «hazten», Nafarroan izan ezik

Hezkuntza arautuaren bidez euskaldun kopurua nabarmen handitu da iragan hamarraldietan, eta hazkuntza horren eragina agerikoa izango da datozen urteetan ere. Lorpena argia da, baina geografikoki aski desorekatua. Azken datuetan, 2021ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 24 urte arteko biztanleen artean %80tik gorakoa zen euskararen ezagutza. Nafarroan ehuneko hori askoz ere apalagoa da: %26. «Horrek dakarrenarekin», abisu eman dute ikerketan. Hala ere, hazkunde orokorrak ondorio onak utziko ditu datozen urteetan. Euskaldunen pisuaren hazkunde erritmoa «mantsotzen» ari da, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan igoerari eutsi egingo zaio oraindik, populazio orokorrean: biztanleen %32,6 ziren euskaldunak 2001ean; %43,3 2021ean; eta, proiekzioaren arabera, %48,3 izango dira 2036an. Egongo da igoera bat. Nafarroan, ordea, «behera» hasiko da biztanle euskaldunen ehunekoa: %12,1 ziren 2001ean; %14,9 2021ean; eta %11,8 izango dira, proiekzioaren arabera, 2036an.

Hiztun zaharragoak

Gaur egun, batez ere gazteen artean da handia euskararen ezagutza; baina, orain gazte diren horiek adinean gora egin ahala, Hego Euskal Herriko biztanleria euskalduna «zahartu» egingo da. Ez delako gaztetuko. Izan ere, murriztu egingo da 2-24 adin tartekoek biztanleria euskaldunean duten pisua. 2 eta 14 urte artekoetan izango da bereziki nabarmena jaitsiera hori. Jaiotza tasaren apaltzea izango da horren atzean dagoen faktore nagusietako bat: ume falta. Adin tarte gazteenek biztanleria osoan duten pisua %12,2tik %9,4ra jaitsiko da. Eta jaitsi egingo da euskaldunen pisua adin tarte gazteenetan. 2021ean, Hegoaldeko 2 eta 14 urte arteko haur eta gaztetxoen %69,8 ziren euskaldun; proiekzioaren arabera, 2036an %62,3 izango dira.

Euskara gutxiagorentzat izango da lehen hizkuntza

«Atzerrian jaiotakoek biztanlerian duten pisuak nabarmen egingo du gora: 361.875 biztanle ziren atzerrian jaioak 2021ean, eta 692.467 izango dira 2036an, biztanleriaren %23,2»; hala jaso dute azterlanean. Beren-beregi Nafarroan egoera zein izango den aztertuta, «inpaktua» handiagoa izango da han: %27,9 izango dira atzerrian jaiotakoak. Umeak izango dituzte etorri berri askok. «Guraso izateko adinean dagoen biztanleria izango da, oro har, etorriko dena». Eta eragina izango du horrek egoera soziolinguistikoan, oraindik ere konplexuagoa bihurtuko baitu. «Euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuek izango dute hazkunderik handiena», ikerlanean diotenez. Euskara edo gaztelania ez den beste lehen hizkuntza bat zuten, 2021ean, 25 eta 44 urte arteko herritarren %1,8k eta 45 eta 64 artekoen %5,1ek; 2036an, adin tarte gazteenean %17,7 izango dira, eta adinekoagoan, berriz, %11,1.

Euskal Herrira etortzen jarraituko dute, halaber, gaztelania lehen hizkuntza izango duten migratzaileek. 2021ean 210.026 ziren; ikerketan adierazi dute 386.083 izango direla 2036an. «Horiek, zein etorri berrietako beste askok ere, gaztelania transmititzen diete seme-alabei eta gaztelaniaz egiten dute etxean». Ondorioak izango ditu horrek guztiak: «Euskararen familia bidezko transmisioak atzera egingo du, baita bertan jaioak diren gurasoen familietan ere». Egindako aurreikuspenak, horra: 2 eta14 urte artekoen artean behera egingo dute lehen hizkuntza gisa euskara bakarrik jasoko dutenek: 2021ean %17,3 ziren eta 2036an %13,6 izango dira. Behera egingo du bi hizkuntzak batera jasotzen dituztenen ehunekoak ere: %15etik %10,6ra. Horregatik, oro har, euskara maila apalagoa izango dute haur eta gazteek.

Nagusiki euskaraz, gero eta etxe gutxiagotan

2011tik 2036ra bi puntu apalduko da etxean nagusiki euskaraz aritzen direnak: %11,6tik %9,7ra. Euskara eta gaztelania, bi hizkuntzak antzeko neurrian erabiltzeko joera areagotu egin da iragan urteotan, eta goraldian jarraituko du: 2011n, %6,8 ziren; 2021ean, %10; eta 2036an %12,2 izango dira.

Euskararen etxeko erabilerak batez ere Nafarroan egingo du atzera. Nagusiki etxean euskaraz egiten zutenak biztanleriaren %5,6 ziren 2001ean; %4,2 2021ean; aurreikuspenaren arabera, %3,1 izango dira 2036an (22.667 hiztun).

Euskaraz bizi diren eremuak, desagertzen

2021ean, euskaldunen %47,2 bizi ziren euskararen etxeko erabilera %20tik beherakoa zen udalerrietan. 2036an euskaldunen %50,5 biziko dira erdarak nagusitasun handia duen era horretako eremuetan. Hamarretik zortzi biziko dira, berriz, %40tik beherako etxeko erabilera maila dutenetan.

Proiekzioa betez gero, halaber, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko da euskara; arnasgune erasanak ere desagertu egingo dira: 7.267 pertsona biziko dira tankera horretako eremuetan 2036an, 21 udalerritan: hamabi Gipuzkoan egongo dira, eta gainerakoak Nafarroan. Galera handia da: 2021ean 82.791 biztanle bizi ziren eremu horietan, 1991n 113.734 ziren. Galera etengabea izan da urteotan. Lurraldeen arabera, hamar urte barru Bizkaian ez da geratuko euskararen nagusitasun eremuko herririk.

Bizkaian eta Nafarroan, bizi indar gutxiago

Gaitasun erlatiboari begira, alde handiak daude herrialdeka. Araban beste hiru herrialdeetan baino txikiagoa da euskal elebidunen pisua, alegia euskaraz errazago hitz egiten dutenena, baina han bakarrik egin du gora 1991-2021 epealdian: %5,9tik %8,5era. Gipuzkoan pisuari eustea lortu dute: %39,4tik %38,7ra. Aldiz, Bizkaian eta batez ere Nafarroan %32,3tik %19,8ra urritu dira hiztun horiek, eta Nafarroan %40,6tik %20ra. Horrek esan nahi du herrialde horietan ugaritzen ari direla euskaraz jakin arren erdaraz euskaraz baino erraztasun handiagoa dutenak.

Atal horretan 2036a bitarteko proiekziorik ez dute egin azterlanean, baina egungo datuek erakusten dituzten joeren gainean ohartarazi dute. Elebidun orekatuek etxean zein hizkuntza erabiltzen duten aztertuta, esaterako, 1991tik 2021era jaitsiera bat gertatu da orokorrean, baina batez ere handia izan da Nafarroan eta Bizkaian: Nafarroan %49,7tik %24,4 apaldu da ehunekoa; Bizkaian, %47tik %31ra. Euskal elebidunen kasuan ere, jaitsiera: Nafarroan %86,9tik %74,5era, eta Bizkaian %83,9tik %72,9ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.