21 europarlamentari, Sortu legeztatzearen alde

Europako Parlamentuko hautetsiek «oztopo gehigarririk» ez jartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Koldo Aldabe.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Europako Legebiltzarreko hogeita bat parlamentarik Sortu alderdia legeztatzeko eskatu dute, atzo helarazitako agiri bateratu baten bidez. Hautetsi europarrek iritzi diote Sortuk gainontzeko alderdien baldintza beretan parte hartu behar duela politikan eta hauteskundeetan, eta, beraz, «oztopo gehigarririk» jar ez diezaion eskatu diete espainiar agintariei.

«Agiri hau sinatzen dugun europarlamenatariok ongietorria ematen diogu Sorturi, iragan otsailaren 7an aurkeztu zen proiektu politiko eta antolakuntza berriari, eta bere estatutuetan indarkeria oro, baita ETArena ere, errefusatzen duenari», dio agiriak. Izenpetzaileen ustez, «iragarpen horrek [indarkeriaren errefusa] gertuago kokatzen gaitu Euskal Herrian behin betirako baketik».

«Proiektuarekin bat egin edo ez, uste dugu alderdi politiko gisa legezko izateko eskubidea duela eta gainontzeko alderdiek bezala bozetan parte hartzeko eskubidea ere bai», azaldu dute europarlamentariek; horregatik, espainiar agintariei eskatu egin diete «ez dezaten oztopo gehigarririk ezar».

Elkarrizketaren alde

Elkarrizketa erabakitzailearen alde dira diputatuak, eta horretarako alderdi guztiek baldintza beretan jardun behar dutela uste dute; beraz, ezker abertzaleak legezko izan behar duela: «Alderdi guztiei dei egiten diegu gatazka konpontzeko ahalegina egitera».

Hauek dira sinatzaileak: Europar Demokraten eta Liberalen Aliantzako Izaskun Bilbao, Pat the Cope Gallagher eta Marian Harkin; Europar Aliantza Libre / Berdeetako François Alfonsi, Jose Bove, Frieda Brepoels, Oriol Junqueras, Catherine Greze, Raul Romeva i Rueda, Alyn Smith, Bart Staes eta Tatjana Zdanoka; Europar Ezker Bateratuko Bairbre de Brun, Nikolaos Chountis, Juergen Klute, Marisa Matias, Jiri Mastalka, Miloslav Ransdorf, Eva-Britt Svensson eta Marie-Christine Vergiat; eta Europar Alderdi Popularreko Csaba Sogor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.