Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak beste urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra gehitu dio gizon baten aurkako kondenari, 8 urteko neska bati eta 11 urteko beste bati tratu txarrak, abusuak eta sexu erasoak egiteagatik. Joan den urtarrilean Nafarroako Probintzia Auzitegiak ezarritako zigorrari gehitu dizkio, eta, hortaz, guztira, 22 urteko kartzela zigorra ezarri dio.
Auzitegi Nagusiak epaian frogatutzat eman ditu gizonak «tratu txarrak» eta sexu abusuak egin zizkiela bere ardurapean zeuden bi ahizpei. Gertakari horiengatik, Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak zigor hauek ezarri zituen: 11 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra 16 urtetik beherako adingabearen aurkako sexu eraso jarraituaren delituagatik, beste 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra 16 urtetik beherako adingabearen aurkako sexu abusu jarraituak nagusitasunez egiteko delituagatik, eta bi urteko espetxe zigorra ohiko tratu txarren bi delituengatik.
Epai horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, bai defentsak, bai akusazio partikularrak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Zigor Arloko Salak, ordea, larderia antzeman du gertakarietan. Magistratuek ondorioztatu dute akusatuak adingabeen gaineko «nagusitasuna» erabili zuela eta neskatoen aurkako indarkeria giroa sortu. Epaileen arabera, adingabeek «jazarpen psikologikoa» eta «zapalkuntza» giroa jasan behar izan zuten etxean, eta larderia egon zen.