Eusko Jaurlaritzak "akatsa" izan dela onartu du, eta 23.000 turismo eskuorri erretiratzera behartua ikusi du bere burua. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Gaztela-Mantxan (Espainia) kokatu dituen irudia ez da oharkabean pasa. Zalaparta handia piztu da, eta umorerako nahiz kritikarako eman du okerrak; bereziki, sare sozialetan.
Eskuorriak bi maparen irudia du kontrazalean. Goiko aldean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa ageri dira, eta lurralde bakoitzeko hiriburuen kokapena eta izena ikus daitezke bertan. Haren behealdea, Europako mapa batek hartzen du, eta puntu gorri batekin kokatzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoa Espainiaren erdialdean. Zehazki, Gaztela-Mantxan.
Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailak "akatsa" aitortu du, baina adierazi du errua ez dela sail horrena izan. Azaldu dutenez, sailak Bell enpresari esleitu zion eskuorriaren diseinua eta hark lan "guztiz zuzena" egin du. Diseinua Jaurlaritzako argitalpen zerbitzura bidali zen eta okerra han gertatu dela adierazu du Turismo eta Merkataritza sailak.
Guztira, 23.000 eskuorri erretiratu ditu Jaurlaritzak. Denak ere, ingelesez argitaratutakoak. Horietatik, 18.000 oraindik banatu gabe zeudela jakinarazi dute gobernutik, eta gainontzeko 5.000 aleak turismo ofizinen sarean banatu direla; ondoren, turismo azoka eta promozio ekitaldietan erabiltzeko. Turismo eta Merkataritza sailak adierazi du ez dakiela eskuorri horietakoren bat atzerrian banatu den ala ez.