25 gaztetik batek Hego Euskal Herria utzi zuen 2011n, atzerrira joateko

Itsaso Andueza EGK-ko presidentearen ustez, kanpora joatea ezin da izan langabeziari aurre egiteko irtenbidea

Euskadiko Gazte Kontseiluari murrizketak salatzeko agerraldia, artxiboko irudian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hego Euskal Herrian 2011. urte hasieran bizi ziren 355.400 gazteetatik ia 14.000k emigratu zuten. Hau da, 18 eta 29 urte arteko 25 biztanletik batek alde egin zuen. INE Espainiako Estatistika Institutuak egindako balioespenetan oinarritzen dira datu horiek, eta, oraingoz, 2010. eta 2011. urteetako kalkulua baino egin ez badute ere, bilakaera adierazgarria antzeman daiteke. Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa utzi zuten gazte kopurua %44,2 hazi zen bi urte horien artean; hau da, urte batetik bestera 4.200 gazte gehiago joan ziren atzerrira.

2011. urtean hegoaldetik joandako gazteek bereziki eragin zuten probintzia batzuetan. Araba da, kualitatiboki, guztien artean gazte gehien galdu zituena 2011. urtean. 2.653 gaztek Espainia ez den beste estatuetara emigratu zuten, aurreko urtean baino %138 gehiago. 2011n, Arabako gazteen %6,3k emigratu zuten; bestela esanda, 2011. urtean hamasei gaztetik batek Araba utzi zuen. 2010eko datuekin alderatuta Bizkaian eta Gipuzkoan ere gazte gehiagok utzi zituzten probintzia horiek, baina ez ziren Arabako muturrera heldu; Bizkaitik 5.047 gazte joan ziren (2010ean baino %72 gehiago), eta 2.938 Gipuzkoatik (%43 inguru gehiago). Bi probintzia horietan, gutxi gorabehera, 29 gaztetik bat joan zen, INEren kalkuluen arabera.

Nafarroan baino ez zen urritu emigratutako gazteen kopurua; 2010etik 2011ra %12,1 jaitsi zen joandako gazteen kopurua. 1.535 gaztek utzi zuten Nafarroa, 56 gaztetik batek.

Testuinguru «larria»

Itsaso Andueza Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak 2011. urtean atzerrira jo zuten gazteen datuak eman zituen atzo, Eusko Legebiltzarreko Gazteria Batzordean. Gazteek duten «testuinguru sozioekonomiko larria» azaltzeko baliatu zituen Anduezak aipatu datuak. «Ekintzailetza eta atzerrira joatea ezin dira gazteen desenpleguaren eta prekarietatearen aurkako konponbide nagusia izan», nabarmendu zuen batzordean.

Anduezak «polit eta aberasgarritzat» jo zuen atzerrira bidaiatzeko esperientzia, betiere norberak hartutako erabakia denean. Ordea, testuinguru sozioekonomikoak behartuta hartutako erabakia denean egoera aldatu egiten dela gaineratu zuen. Migrazio horien testuingurua ere marraztu zien Anduezak legebiltzarkideei. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 eta 24 urte arteko gazteen langabezia tasa %41ekoa dela esan zien, Eustaten datuetan oinarrituz.

Lanean dauden gazteen artetik, urte bateko iraupena baino gutxiago duen behin-behineko kontratuekin ari dira lanean gehienak. Horrekin batera, etxea uzten duten gazteen zenbatekoa jaitsi egin da 2012an; 2011n 25 eta 29 urte artekoen artean emantzipazio tasa %49,9koa zen; 2012an, %43,8koa. Are gehiago, egoera ekonomikoak behartuta 10.000 gazte gurasoen etxera itzuli direla azaldu zuen Anduezak.

Legebiltzarkideei Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren 2012ko memoria emateaz gain, 2013ko gidalerroen berri eman zuen Anduezak. Horien artean «lan erbesteratzea» jasaten duten gazteen egoerari buruzko informazioa bildu, eta beste herrialdetan «pairatzen» dituzten politika publikoen berri izateko egitasmoa aurkeztu zuen. SOS Gazte atzerriratuak, postala bidali lan erbesteratzearen kontra izeneko egitasmoan bildutako datuak Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko dizkiotela iragarri zuen.

«Ekintzailetzaren B aldea»

Horrekin batera Gazte bat babestu; ekintzailetzaren B aldea programa abiaraziko dute. Horren bitartez, gazteek ekintzaile izateko orduan duten «zaurgarritasuna» ikusarazten saiatuko dira, baita bide horri heltzen dioten gazteek «egoera are prekarioago batean» gera daitezkeela ere.

Lan ildo horiez gain, gazteen lanari buruzko lantalde bat osatu dutela ezagutarazi zuen Anduezak, planak aztertu, eta administrazio publikoari proposamenak egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.