Koronabirusa

265 PCR positibo: apirilaren 27tik egun bakarrean agerturiko gehien

Bizkaian detektatu dituzte kasuen erdiak baino gehiago: 145. Zizurkilen bi etxebizitza eraikin konfinatu dituzte. Bilboko diskoteka bateko bezeroei proba egiteko eskatu diete

Osasun langileak PCR probak egiten, Getarian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Beroak birusari kalte egingo ziolakoan, udan zeuden jarrita egoera baretzeko esperantzak. Abuztuan sartzear, ordea, kasuak ez dira inondik ere gutxitzen ari Hego Euskal Herrian: azken orduetan 265 positibo atzeman dituzte, apirilaren 27tik PCR probetan detektatu den daturik handiena. Egun horretatik aurrera, PCR probak bakarrik jakinarazten dituzte agintariek. Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak, ordea, ez du uste egoera «asaldagarria» denik: «Azken egunetako intzidentzia egonkortzen ari dela dirudi, baina gerta daitezke gaurkoaren moduko zerra hortzak». Positiboen erdiak baino gehiago Bizkaian detektatu dituzte: 145. Gipuzkoan, 33 kasu atzeman dituzte; Araban, 23; eta Nafarroan, 61.

Murgak azaldu du azken orduetako igoera «esponentziala» dela, eta erabat lotuta dagoela azken egunetan egin den kontaktuen jarraipenarekin. Gehitu du zifrak kezkagarriagoak izango liratekeela «jarraipenerako gaitasun hori» egongo ez balitz. Onartu du, ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 200 kasuen langa igarotzen den lehen aldia dela alarma egoera amaitu osteko agerraldiak hasi zirenetik.

Gauean, Osasun Sailak ohar bat zabaldu zuen, eta uztailaren 18an Bilboko Back & Stage diskotekan egon zirenei PCR probak egiteko eskatu zien. Gaur goizeko zortzietatik aurrera hartu ahalko dute txanda, (0034) 946-00 66 66 telefono zenbakira deituta.

Zizurkilen (Gipuzkoa), berriz, bi eraikinetako bizilagunak konfinatu zituzten atzo —60 lagun inguru—, horietako bizilagun batzuek positibo eman ondoren. PCR probak egingo dizkiete bizilagun guztiei, eta emaitzak jaso artean ezingo dira etxetik irten.

PCR proba ugari egiten ari dira osasun langileak udan, kontaktuak atzemateko: atzo, adibidez, 5.890 test egin zituzten. Halere, Murgak erantsi du datozen egunetako datuak ikusi beharko direla. Azken datuen arabera, bost pertsona eraman dituzte ospitalera, eta lau ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Zortzi egunean 57 pertsona ospitaleratu dituzte.

Herrialdeka, Bizkaiak jo du goia azken orduetan, eta azken egunetan ere han detektatu dute kasu gehien. Hil hasieran, Gipuzkoan izan ziren agerraldi nagusiak; gero, Nafarroan ugaritu ziren kutsatzeak; eta, orain, badirudi Bizkaian dagoela birusa hedatuen. Hego Euskal Herrian bezala, Bizkaian ere atzokoa izan zen PCR probetan kasu gehien atzeman zen eguna. Astelehenetik jaso diren zenbaketen arabera, 346 positibo detektatu dituzte han; Nafarroan, 182; Gipuzkoan, 138; Araban, 52. Murgak asteon adierazi du Bizkaiko kasuen gorakada loturik dagoela herrialdean izaten den «mugikortasun handiarekin».

Bizkaian atzeman diren kasuetatik 88 hiriburuan detektatu dituzte, baina Jaurlaritzak ez du jakinarazi kasu horiek loturarik duten iragan astean taberna batean izandako agerraldiarekin. Bestalde, Murgak azaldu du azken egunetako agerraldirik bortitzenak «kontrolpean» daudela oraintxe: Eibarkoa (Gipuzkoa) eta Ermukoa (Bizkaia). Ermuan, intzidentzia erdira jaitsi da, eta Eibarren ere egonkortu egin da egoera, Osasun Sailaren arabera. Zainketa epidemiologikoko unitateak egin dituen kontroletan, 498 positibo atzeman dituzte bi herri horietako aisialdiarekin lotuta. Halere, Murgak esan du kasu horietako batzuk inguruko herrietan atzeman dituztela: Deban, Bergaran eta Elgoibarren (Gipuzkoa).

Selektibitate osteko ospakizunetan atzemandako agerraldia ere «kontrolpean» dago. Harekin loturiko kasuak 158 dira dagoeneko, baina kasuetan beherakada bat ikusi da azken egunetan. Iruñeko Mendillorri auzoko (Nafarroa) agerraldia ez da amaitu: azken orduetan bederatzi positibo gehiago izan dira; denera, 193.

Kasu bat zahar etxeetan

Egunak dira zahar etxeetako egoiliarren artean kasurik atzematen ez zela, baina atzo kasu baten berri eman zuten. Barakaldoko (Bizkaia) zahar etxe batean positibo eman zuen egoiliar batek, irtenaldi baten ostean. Osasun Sailak azaldu du ez dela transmisiorik atzeman, baina, badaezpada ere, PCR probak egin dizkietela zahar etxeko egoiliar guztiei. Azken oldarraldietan kutsatze gehienak gazteen artean gertatu badira ere, adinekoetan kasuak nabarmentzen ari dira: hemezortzi positibo atzeman dituzte 70 urtetik gorakoen artean. Astelehenetik, orotara 45 kasu atzeman dituzte adin tarte horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.