Emateaz eta egiteaz, pausoez eta urratsez, eman ditu Angel Oiarbidek Goierrin zehar hitzaldiak eta azalpenak azken partean asko. Nazioen Mundua, Igartzako adierazpena, eta Gazta Zati Bat... egin dute urratsek bidea sorburutik gerora. "Gure Esku Dago ez da sortu etengabe aldarrikatzeko", esan izan du GEDko bozeramaileak behin baino gehiagotan. Baina aldarrikapena herrialde osoko dinamika bihurtzea izan da helburua, eta eman da pausoa, egin da urratsa.
Datu orokorrei erreparatuta, euskal estatu burujabe baten aldekoa da goierritarren iritzia. "Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?", galdetu zaie 58.066 goierritarri. Erantzuna argia izan da: baiezkoak 15.059 (%95,7) eta ezezkoak 510 (%3,3). Zuriak 91 (%0,6) eta baliogabeak 70 (%0,4). GEDeko eledunek behin eta berriro errepikatu dute emaitza ez zela garrantzitsuena, egindako bidea eta jendeak parte hartu zezala lortzea zela helburua, eta lortu da hori Goierrin, baina apika.
Nabarmena da aldea herri txikien eta eskualdean beti 'handi' gisara izendatu direnen artean. Zerainen eta Gaintzan, hurrenez hurren, %72,88 eta %72,64 izan da parte hartzea. Beste modu batera esanda: Zerainen, Gaintzan eta Mutiloan hamarretik zazpik eman dute botoa, Zaldibian, Ataunen eta Itsason hamarretik seik. Baina begiak gehiago zeuden Beasain, Ordizia, Zumarraga eta Legazpira begira jarrita. Eta horietan badira kontuan hartzeko moduko datuak. Beasainen %21,14koa izan da parte hartzea: 11.478 herritar zeuden deituta parte hartzera eta 2.427 herritarrek hartu dute parte. Zumarragan %13,43koa izan da parte hartzea: 8.487 herritar zeuden parte hartzera deituta eta 1.140 herritarrek bakarrik hartu dute parte. Ordizian %22,95ekoa izan da parte hartzea: 8.253 herritar zeuden parte hartzera deitua eta 1.894 herritarrek hartu dute parte. Legazpin %20,96koa izan da parte hartzea: 7.290 herritar zeuden parte hartzera deituta eta 1.528 herritarrek hartu dute parte. Urretxun %20,62koa izan da parte hartzea: 5.675 herritar zeuden deituta parte hartzera eta 1.170 herritarrek hartu dute parte. Espero zitekeena baino txikiagoa izan da herri 'handi' horietan parte hartze datua, eta agerian gelditu da alde nabarmena dagoela herri txikien eta handien artean. Batzuetara iritsi dela esandakoa eta proposatutakoa, besteetara ez horrenbeste.
Hodei Iruretagoiena lankideak Goierrin zehar egindako jiran, jaso zituen joan den ostegunean hainbat herritarren iritziak eta hausnarketak, eta koska horri buruzko azalpen posible bat Gorka Santesteban Zumarragakoak emandakoa izan liteke: "Giro ez hain euskaldunetan informazio falta ikusi dut. Lankideei-eta esan diet, baina batzuek ez dakite zer den galdeketa, ez dakite Gure Esku Dago zer den ere". Antolatzaileen eta herritarren artean, dena dela, bazekiten koska egongo zela. Erreportaje berean herritar gehienek zioten herri txikietan parte hartzea handiagoa izango zela, Beasainen, Ordizian, Urretxun, Zumarragan... baino. "Horietan zailagoa izango da", zioten. Josune Begiristainek: "Herri zailenetakoa Zumarraga izango da halako kontsulta bat egiteko. Oso zabaldu dago; atzerritar asko bizi da, baina gu saiatzer ari gara, eta ilusioa badaukagu".
Eta behin parte hartzeari buruzkoak lortuta, baina apika, zalantza gutxi emaitzen inguruan. Baiezkoa gailen, nabarmen. %96a euskal estatuaren alde Goierrin. Eta emandako pausoa urrats bihurtuta. Datorren urtean 60 herri gehiago. Mezuak, pentsaerak eta gonbitak elkarbanatzeko 60 aukera gehiago.