'De Miguel auzia'

30 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak De Miguelentzat

Fiskaltzak ondorioztatu duenez, epaiketan frogatu egin da Alfredo de Miguel EAJko arduradun ohiak "harreman politiko edota adminstratiboak" baliatu zituela enpresa sare baten bidez legez kanpoko komisioak jasotzeko.

Alfredo de Miguel Arabako EAJko bigarren arduradun nagusi ohia (eskuinean), Arabako Lurralde Auzitegira bidean, bere abokatuarekin, joan den urriaren 15ean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko azaroaren 14a
07:17
Entzun

Josu Izagirre eta Manuel Pedreira fiskalek De Miguel auziko behin betiko ondorioen txostena argitara atera dute gaur goizean. Deklarazioen txandaren ondoren, fiskalek frogatutzat jo dute Alfredo De Miguel Arabako EAJko bigarren arduradun nagusi ohiak "enpresa sare" bat sortu zuela, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria EAJko arduradun ohiekin batera, legez kanpoko komisioak kobratzeko, kontratu publikoak esleitzearen truke. Horretarako, De Miguelek "harreman politiko edota administratiboak" erabili zituela adierazi du.

Fiskaltzak 29 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du auziko akusatu nagusiarentzat, hainbat ustelkeria delitu leporatuta. Horien artean, eroskeria, prebarikazioa, derrigortzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea. Horrez gain, 1.185.306 euroko isuna ere eskatu du.

Otxandiano eta Telleria ustezko enpresa sare ustelaren beste bi arduradunen kasuan, 13 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Aldiz, 5 urteko kartzelaldia galdegin du De Miguelen, Otxandianoren eta Telleriaren emazteentzat.

Akusatuetako batzuekin akordioak lortu dituela iragarri zuen fiskaltzak aurreko hilean. Aldiz, De Miguelekin eta gainontzeko akusatu nagusiekin ez du akordiorik egin. Leporatzen zaizkien delituak ukatu egin dituzte epaimahaiaren aurrean egin dituzten deklarazioetan.

Azaroaren 20an ekingo diote berriro epaiketari. Egun horretan, auzitegian aurkeztuko dituzte aldeek beren ondorio txostenak.

2009ko abenduan, Ainhoa Alberdi abokatu eta enpresariak fiskaltzaren aurrean jarritako salaketa batek ezagutarazi zuen Arabako ustezko ustelkeria kasua. Enpresariak salatu zuen Alfredo De Miguelek eta Aitor Telleria ABBko kide ohiak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela Arabako Miñaoko Teknologia Parkearen hedapena kudeatzeko Urbanorma izeneko enpresa bati emandako kontratu batengatik. Hilabete batzuk geroago, Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu zituen ustezko irregulartasun horiekin lotuta; tartean, De Miguel eta Telleria bera.

Auzi horretatik tiraka etorri ziren inputazio gehiago, eta, ikerketak aurrera egin ahala, mataza nahaspilatuz joan zen. De Miguel hainbat elkarteren arteko "sare" bateko buru izan zela uste du fiskaltzak, eta, dioenez, sare horrek kontratu publikoak modu irregularrean lortzen zituen, eta legez kanpoko komisioak kobratzen zituen. Fiskaltzak dioenez, De Miguelen enpresa sareak 700.000 euro inguru kobratu zituen komisioetan, eta hamasei milioi bestelako operazioetan, "kontratu simulatuen bitartez". Komisioak jaso zituen, besteak beste, Miñaoko Teknologia Parkeko lursail batzuen salerosketagatik eta Zanbrana herrian (Araba) kale egin zuen lursailen kalifikazio aldaketa urbanistiko baten truke, hainbat enpresa erabilita.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.