Indarkeria matxista erabiltzea eta ondotik ihes egitea, horixe leporatu diote Tuterako (Nafarroa) 31 urteko gizonezko bati. Tuterako Udaltzaingoak eman du abisua gaur, eta jakinarazi atzo 23:00 aldera 36 urteko emakume batek laguntza eskatu ziola kalean zebilen patruila bati. Hark esplikatu zuenez, gizonak eraso egin berri zion, eta lesioak eragin zizkion lepoan eta belaunean.
Erasoak egin ondotik, gizonak ihes egin zuen, eta hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du Tuterako Udaltzaingoak. Haren erranetan, emakumea osasun etxeko larrialdietara eraman zuten agenteek, eta, ondotik, polizia etxearen bulegoetara. Hantxe jarri zuten salaketa: indarkeria matxistagatik eta tratu txarrak egiteagatik.