336 gorroto delitu salatu ziren iaz Hego Euskal Herrian

Salaketa gehienak arrazakeriari, sexu-genero bazterkeriari eta sexu orientazioari dagozkie. Azken urteotako goranzko joera moteldu da.

Arrazakeria, xenofobia eta ijitoen aurkako diskriminazioa salatzeko manifestazio bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Arrazakeria, xenofobia eta ijitoen aurkako diskriminazioa salatzeko manifestazio bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
kristina martin
2025eko uztailaren 18a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gorroto delituen salaketek gorantz egin dute azken urteotan Hego Euskal Herrian. 2023an jo zuten goia, eta 2024an, ostera, beheranzko joera leun bat antzeman daiteke. Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi ditu datuak, eta Hego Euskal Herrian guztira 336 salaketa jaso zituzten iaz.

Albiste dira gorroto delituak. Zenbait herritan jazo diren arrazismo kasuek iritzi publikoaren arreta bereganatu dute. Baina, eraso arrazistez gain, hainbesteko ikusgarritasuna ez duten beste gorroto delituak ere gertatzen dira urtero-urtero; besteak beste, sexu-genero orientazioari, erlijioari, adinari, desgaitasun bati edo ideologiari lotutakoak.

Gorroto mezuak zabaltzen dituzten mugimendu politikoak eta talde sozialak gero eta ikusgarritasun handiagoa lortzen ari dira, bai hedabideetan eta bai gizartean. Eta mezu horien ondorioz sortzen den beldurrak eta ezjakintasunak eragiten dituzte zenbait kolektiboren aurkako erasoak. Gorroto delituak dira horiek. Ez dira berriak, baina duela urte gutxi batzuk hasi dira horiek identifikatzen, salatzen eta estatistiketan kategorizatzen.

Hego Euskal Herriko datuei begira jarriz gero, poliziek iaz 336 salaketa jaso zituzten gorroto delituengatik: Bizkaian 122, Gipuzkoan 97, Nafarroan 95 eta Araban 22. Espainiako Barne Ministerioaren menpeko Gorroto Delituen Aurka Borrokatzeko Bulegoak plazaratu ditu datuak.

Goranzko joerari muga

2023ko datuekin alderatuta, jaitsiera bat izan da, %8koa, baina, 2020ko datuei begiratuz gero, igoera nabarmena egon da: 2020an, 169 salaketa jaso zituzten poliziek, eta 2023an, berriz, 366.

Biktimen datuak ere jaso dituzte: Hego Euskal Herrian 443 biktima izan ziren jasotako salaketak kontuan hartuta: bizkaitarrak 145, nafarrak 167, gipuzkoarrak 107 eta arabarrak 24. Hego Euskal Herri osoko datuei begira, erasoak eta erasoen biktima gehienak arrazakeriari, sexu-genero bazterkeriari eta sexu orientazioari dagozkie.

Atxilotuak eta ikertutako pertsonen datuak ere kaleratu ditu Gorroto Delituen Aurka Borrokatzeko Bulegoak. 283 lagun izan dira guztira, eta lurraldeka horrela banatzen dira: Gipuzkoan 119, Bizkaian 117, Nafarroan 34 eta Araban 13.

Datuetan oinarrituta, erasotzailearen eta biktimaren soslaiak ere egin ditu Espainiako bulegoak. Gehienetan erasotzailea gizonezkoa da, 26 eta 40 urte bitartekoa. Biktima gehienak ere gizonezkoak dira, baina erasotzaileen artean baino emakume gehiago daude.

Datuen interpretaziorako gakoak

Eboluzioari dagokionez, txostenaren egileek ohartarazi dutenez, datuen eboluzioa interpretatzeko garaian kontuan hartzekoa da datu horiek jasotzen dituzten polizia erakundeak azken urteotan findu dituztela gorroto delituen arloan duten formakuntza eta salaketak kategorizatzeko irizpideak. Baina, aldi berean, mugimendu sozialek maiz nabarmendu dutenez, gorroto delituak egonda ere, biktimek ez dute beti salaketarik ipintzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.