36ko gerrako babeslekuen inbentarioa egingo du Bilbok

Udal gobernuak eta EH Bilduk egindako akordioari jarraikiz, gerrari eta diktadura frankistari buruzko museo birtual bat jarriko da martxan, «memoria historikoa berreskuratu eta ikusarazteko».

Bilbo, 1937ko ekainaren 19an, gerraren gordinean. UCLA
Bilbo, 1937ko ekainaren 19an, gerraren gordinean. UCLA
xabier martin
2025eko irailaren 25a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduko Bilboko udal taldeak eta EAJk eta PSEk osatzen duten udal gobernuak akordioa egin dute, Bilbok inbentario bat egin dezan 36ko gerran eraikitako babeslekuei buruz. Inbentarioa egin ondoren, egoera onenean dagoen babeslekua egokitzeko aukera aztertuko dute, hura bisitatzeko modua egon dadin. Era berean, gerraren eta diktadura frankistaren inguruko museo birtual bat jarriko dute martxan, «memoria historikoa berreskuratu eta ikusarazteko».

Akordio hori EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko erdibideko zuzenketa onartu ondoren heldu da, koalizioak aurkeztutako proposamen baten ondorioz. Garazi Perea zinegotzi bilkidea pozik agertu da akordioa dela eta, «Bilboko memoria historikoa berreskuratzeko bidean aurrera egitea dakarrelako, eta hori funtsezkoa baita Bilbo antifaxista aldarrikatzeko».

Azpimarratu duenez, «erresistentzia gune antifaxista» da Bilbo; Euskal Herrian gehien bonbardatu zuten hiria izan zela erantsi du. «Lehen bonbardaketa 1936ko abuztuaren 9an izan bazen ere, hurrengo urteko martxoaren 31n Bizkaiko kanpaina hasi zen, Mola jenerala buru zuela, eta matxinatuek «gerra helburu» bihurtu zituzten Bilbo eta hango biztanleria. Datu ofizialen arabera, 250 eta 350 pertsona artean hil zituzten Bilboren aurkako bonbardaketetan, eta 800 bat zauritu, Pereak azaldu duenez. «162.000 biztanle baino ez zituen hiri batean, 11 hilabetean 269 babesleku atondu zituzten, bonbardaketetatik babesteko».

Memoria historikoaren garrantzia

Bada, eledun bilkideak nabarmendu du beharrezkoa dela gogoratzea Bilbo estrategikoa izan zela, «ez bakarrik lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza zelako, baizik eta Errepublikaren aldeko polo industrial eta meatzari garrantzitsuenetako bat izan zelako. Puntu neuralgiko bat ere izan zen, Kantabria eta Asturias probintzietako defentsen oinarria».

Batera edo bestera, berri ona da, Perearen ustez, akordio horiek lortzea, «memoria historikoaren garrantzia balioesteko eta balio demokratikoei buruzko hausnarketa sustatzeko». 2027an 90 urte beteko dira Bilbo erori zenetik. Amaitzeko, adierazi du akordioa baliagarria izango dela Bilbok Gerra Zibilean eta erresistentzian izan zuen zeregina aintzatesteko eta, aldi berean, hiria «memoria kolektiborako gune bihurtzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.