36ko gerrako eta frankismoko hiru biktimaren gorpuzkiak identifikatu dituzte Gogora-k eta Aranzadik

UGTko miliziano bat eta bi preso identifikatu dituzte. Presoetako bat Urduñan espetxeratu eta hil zen, eta bestea Ondarretan.

GOGORA
Urduñan desobiratutako zenbait biktimari egindako omenaldia, iaz. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 27a
17:55
Entzun

Gogora institutuak jakinarazi du 36ko gerraren eta errepresio frankistaren beste hiru biktima identifikatu dituela, eta haien senideekin harremanetan jarri da, gorpuzkiak entregatzeko. Felix Rodriguez Arana miliziano tolosarra (Gipuzkoa), Francisco de la Cruz Orellana badajoztarra (Espainia) eta Hipolito Berasategi Alcalde Donostiako bizilaguna dira.

Rodriguez Arana tolosarra Pasaiako (Gipuzkoa) bizilaguna zen. UGTko kidea, Gipuzkoa eta Karl Liebknecht batailoietan aritu zen 36ko gerran. 1937ko ekainaren 19an hil zuten, baina ez zuten jakinarazi non hobiratu zuten. Haren gorpuzkiak 2022an aurkitu zituen Aranzadi zientzia elkarteak, Bilboko Begoñako hilerriko hobi komun batean, beste 43 gudari eta milizianoren gorpuzkiekin batera; oraingoz, horietako zazpi identifikatu dituzte. Azaldu dutenez, haren alabak emandako DNAri esker identifikatu dute Rodriguez Arana.

De la Cruz Orellana, berriz, Urduñako espetxean kartzelatu eta hil zuten. Azaldu dutenez, Badajozko hainbat espetxetan izan zuten preso, 1940ko urtarrilaren 31n Urduñara eraman arte; 1941eko apirilaren 17an hil zuten, 68 urterekin. Azken hilabeteetan espetxe hartan hildako bederatzi lagunen gorpuzkiak identifikatu dituzte Gogora-k eta Aranzadi elkarteak. Denera, 70 lagunen gorpuzkiak atera dituzte Urduñako hilerritik.

Berasategi Alcalde Briviescan (Burgos, Espainia) jaio zen, baina Donostian bizi zen frankistek altxamenduari ekin ziotenean, eta 1936ko azaroaren hasieran fusilatu zuten. Gogora-k azaldu duenez, haren kasua «bereziki esanguratsua» da, Ondarretako espetxean giltzapetu ostean exekutatu eta desagertu ziren herritarren artean identifikatu duten lehena baita. Zehaztu dute Iragorri inguruan (Oiartzun, Gipuzkoa) zenbait gorpuzki berreskuratu zituztela 1960an, eta udalerriko hilerrian lurperatu, Oroimenerako Frontoia monumentuan. Horietako zenbait desobiratu zituen 2021ean Aranzadik, tartean Berasategi Alcalderena; haren alabak emandako DNAri esker identifikatu dute.

Era berean, Gogora-k azaldu du Bernardo Rodriguez Rinconen gorpuzkiak haren familiari emango dizkiola abenduaren 2an. Zenbait espetxetan izan zuten preso, eta, azkenean, Urduñakoan hil zuten, 1941eko martxoaren 20an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.