36ko gerrako lau obus aurkitu dituzte Arrasaten

Eraberritzen ari diren eraikin batean topatu dituzte, kutxa batzuetan.

2009ko martxoaren 17a
17:06
Entzun
1936ko gerrako lau obus aurkitu dituzte gaur Arrasaten (Gipuzkoa), eraberritzen ari diren eraikin baten barruan. Bonbak kutxa batzuetan zeuden, eta Ertzaintzak jakinarazi duenez, haietako hiruk ez zuten lehergairik; laugarrena ikertzen ari dira oraindik.

Zehazki Gelma lantoki zaharra zegoen tokian aurkitu dituzte obusak, goizean, eraberritzen ari diren eraikinean; inguruan etxebizitzak eraikitzen ari dira azkenaldian. Igeltseroek topatu dituzte lehergailuak, eta 40 eta 50 zentimetro inguruko luzera dutela azaldu dute Eusko Jaurlaritzako Baren Sailetik.

Ertzaintzaren artezilariak hara deitu dituzte, eta inguruan zeuden langileak handik aterarazi ostean, eremua itxi dute, harik eta 11:30ak aldera obusak handik eraman dituzten arte.

Joan den ostiralean garai bereko obus batzuk eskuartean zituztela, eztanda egin zien haietako batek bi laguni Arrateko gaineko (Eibar, Gipuzkoa) etxola batean. Biak erietxera eraman zituzten, erredurekin eta batek beso bat eta besteak esku bat galdu dituzte. Oraindik ere zaintza berezietan artatzen dituzte, eta lagundutako arnas aparatuari lotuta segitzen dute, Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean (Bizkaia).

Etxola hartan, lehertutako 155 mililmetroko obus horretaz gain, Ertzaintzak 36ko gerrako tona bat lehergailu aurkitu ditu gerora.

Zauritutako bi lagunak lehergailuak pilatzeaz akusatzea aztertzen ari da Ertzaintza, haiek 1936ko gerrako obusak, granadak eta balak gordetzen zituztela argudiatuta. Biei "arma edo lehergaiak edukitzea, garraiatzea eta pilatzea" leporatzea litekeena da, Arrate gaineko etxolan obus, granada eta bala mordoa gordetzen zituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.