Espainiako Sustapen Ministerioak 40.000 milioi euroko zuloa duela jakinarazi du Ana Pastor ministroak. «Amaitu dira lan faraonikoen garaiak, amaitu dira autorik gabeko autobideen eta bidaiaririk gabeko aireportuen garaiak», esan zuen atzo Espainiako Diputatuen Kongresuan, Sustapen batzordearen aurrean azalpenak emateko orduan. Egoera ekonomiko horrekin PSOEko gobernuak egindako plangintzak ezin direla aurrera eraman azaldu zuen, eta, horregatik, beste plan bat iragarri zuen. Uztailerako prestatuko du plan hori, baina atzo hainbat gauza aurreratu zituen. Haien artean esan zuen,AHT abiadura handiko trenaren sarea osatuko dutela eta Euskal Y-ak lehentasunen artean jarraituko duela.
AHTari dagokionez, Espainiako Gobernuak hiru lehentasun izango dituela jakinarazi zuen atzo, eta haietan 25.000 milioi euro gastatuko dituela. Madril eta Galizia lotzen dituena izango da aurreneko lehentasuna, eta 8.517 milioi euro inbertituko ditu horretan. Bigarren lehentasuna Asturiaserako lotura izango da, 1.719 milioiko inbertsioarekin. Eta hirugarren lehentasuntzat Euskal Y-a jarri du, 4.323 milioi eurorekin. AHTaren Nafarroako zatiari buruz ez zuen hitz egin lehentasunen artean.
Arantxa Tapia diputatu jeltzalea pozik agertu zen PPk Euskal Y-ari eusteko asmoa erakutsi zuelako, eta halaxe jakinarazi zion Pastorri. Nolanahi ere, azpiegiturak «beharren arabera» antolatu behar direla eta orain artekoan Euskal Y-ak «plangintza arraroa» izan duela ohartarazi zion. Hala, lehentasunak ondo zehazteko eskatu zion. «Bidaiariak edo merkantziak izango dira lehentasun? Hirietan loturak izango al ditu?». Izan ere, Pastorrek atzo aurkeztutako aurrerapenean ez zituen zehaztu Araban eta Bizkaian ematekoak diren lizitazioak eta hiriburuetako geltokiak.
Erakundeen arteko lankidetza eskatu zion Tapiak Sustapen ministro berriari. «Plangintza koherente eta planifikatuak egin behar dira». Eskuduntza duten heinean, autonomia erkidegoetako gobernuekin, diputazioekin eta udalekin elkarlanean jardun behar dela azpimarratu zion.
Elkarlan hori ez da Euskal Y-ari dagokionez bakarrik egin behar, EAJren irudiko. Izan ere, kontuan hartu beharreko azpiegitura gehiago ere badaude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, haren irudiko. Portuak ere zaindu behar direla esan dio, eta haietara iristeko bideak egitea ezinbestekoa dela. Pasaiako eta Bilboko portuek zuzendaritza bakarra izatea proposatu du, kudeaketa bateratua eraginkorrago izango dela iritzita.
Gaitasun mugatua
PSOEko gobernuak utzitako «herentziak» azpiegiturak egiteko gaitasuna mugatu egiten duela azaldu zuen Pastorrek. 40.000 milioi euroko zorra ez ezik 2012rako6.173 milioiko gastu konpromisoa ere jaso dutela aurreko gobernuaren eskuetatik.
Errepideetan 1.700 milioiko zorra du 2012rako, eta 3.145 milioi euroko gastu konpromisoa. Trenbideen sektoreak 20.730 milioiko zorra gainditzen du: Adifek 14.600ekoa, Renfek 5.200ekoa eta Fevek 530 milioikoa. Sektore horretan hasita baina bukatu gabe dauden lanetarako 28.115 milioi behar direla gaineratu du.
Pastorrek emandako datuen arabera, Aenak ia 15.000 milioi euroko zorra du, eta Estatuko Portuek, 2.600 milioi eurokoa. Etxebizitzen arloan, berriz, 130 milioi euroko defizita dago.
Hori ikusita, 2012tik 2024ra bitarterako plan bat prestatzen ari da Pastor. Talde politikoen, administrazio publikoen, sektore ekonomikoen eta gizarte zibilaren artean estatu ituna egin nahi luke plan hori aurrera eramateko. Urte horietan 225.000 milioi gastatzea espero du Sustapen Ministerioak, eta diru hori aurrekontuetatik, Europako laguntzetatik eta inbertsio pribatuetatik etorriko litzateke.
Zatirik handiena errepideak eta AHTa eraikitzera bideratuko direla esan zuen Pastorrek. Errepideei dagokienez, «hasitakoak amaitzea» izango du xede, eta 52.403 milioi jarriko ditu horretan —lehentasunen artean Nafarroako Autobidea dago—.
Sustapen ministroak zorren berri emandako egun berean, Anai Astiz Nafarroako Sustapen kontseilariak esan zuen AHTaren Nafarroako zatia eraikitzeak aurreikusitakoa baino gastu gehiago izatea ekarriko balu horiek Adifek ordainduko dituela: «Halaxe jasota dago hitzarmenean». Nafarroako Legebiltzarrekoosoko bilkuran, Victor Rubio Bilduko kontseilariak galdetu zion aurreikusi gabeko gastuen kargu nor egingo zen. Astizek erantzun zion egin dituzten aldaketek ez dutela gastua handitzea ekarriko, baina hala gertatuko balitz ere Adifek erantzun beharko duela—Sustapen Ministerioaren arabera, 14.600 milioiko zorra du Adifek—. Trenbide sarea Espainiako Gobernuaren eskuduntza dela ekarri zuen gogora eta, beraz, hari dagokiola.
Rubiok atzeraldi ekonomikoaren garaian herritarrak AHTarekin kezkatuta egotea normala dela esan zion, «onurarik ez dielako ekarriko». Horregatik, gai horretan gardena izateko eskatu zion Nafarroako Gobernuari, eta «eztabaida publikoa» falta izan dela aurpegiratu.
40.000 milioiko zuloa izan arren, PPk lehentasunen artean izango du 'Euskal Y'-a
Plan bat prestatuko du 2012. eta 2024. urteen artean betetzeko; AHTak eta errepide sareak lehentasuna izango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu