41 urteko espetxe-zigor eskea protestarientzat

2016ko apirilean Leioako campusean protesta bat egin zuten ikasleek, eta Poliziak haien aurka egin zuen. Bost grebalari atxilotu zituzten. Orain epaituko dituzte: irailaren 27an. Kartzela urteak eta isunak eskatu ditu fiskaltzak akusatuentzat.

Polizia campusean, 2016ko apirilaren 26an egin zuten mobilizazioan. BERRIA.
jone arruabarrena
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Guztira 39,5 kartzela urte eta 45.000 euroko zigor ekonomikoa; zigor eskaera horri aurre egin beharrean daude 2016. urteko apirilaren 26an EHUko Leioako campuseko ikasle grebaren harira atxilotu zituzten bost gazteak. Irailaren 27an epaituko dituzte. Desordena publikoa, autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak egozten dizkiete; azken delitu horrengatik, zehazki, bi gazte daude auzipetuta, eta horientzat hamazazpina urteko espetxe zigorra eskatu du akusazio partikularrak.

 

EHUrentzat lanean ari zen Delta segurtasun enpresako langileei oldartzea leporatzen diete gazteei, besteak beste. Enpresa horrek jarri zuen salaketa, hain zuzen, gazteen aurka, eta EHUk ere parte hartu zuen akusazio partikular gisa, gazteentzat kalte materialengatik isun ekonomikoa eskatuta.

EU2015 hezkuntza erreformaren aurkako dinamiketan murgilduta zebilen 2016an ikasle mugimendua. «Aldaketa kualitatibo bat gertatzen ari zen, ikasle mugimendua bere proiektu propioa garatzen hasi zelako, Herri Unibertsitatea eta halako egitasmoekin, esaterako», azaldu du Ander Mazkiaranek. Leioako bost epaituetako bat da, eta adierazi du 2016. urtean «berpizte bat» gertatu zela ikasleen borrokan.

Hauspotze horri modu «errepresiboan» erantzun zion EHUk, Mazkiaranen iritziz. Besteak beste, gogora ekarri du urte hartako Herri Unibertsitatean, Bilbon, Ertzaintza sartu zela: orduko hartan, ikasleak unibertsitate barruan lotan zeudela sartu zen Polizia, eta 2.000 eurotik gorako isunak eskatzeko zein espediente akademikoak irekitzeko asmoa iragarri zuen unibertsitateak. Gogoan ditu ere Gasteizen urte hartako protestetan izandako Poliziaren «oldarraldiak».

Hain zuzen ere, 2016. urteko apirilean Ikasle Abertzaleek deitutako mobilizazioetan izandako «errepresio» kasu horietan «EHUk zeukan erantzukizuna» salatu nahi zutela gogoratu du Mazkiaranek: «Errektoretzari eskatu genion errepresio kasu horietan esku hartzeko. Unibertsitateak espazio demokratiko eta aske gisara saltzen duen irudi hori egiazki bermatzeko, eta errepresioa gelditzeko». Horrez gain, unibertsitate barnean enpresa pribatuen bidez kontratatutako segurtasun indarrak kanporatzea eta Ertzaintza campusera ez sartzea ziren beste eskaeretako batzuk. «Ohartu ginen geroz eta gehiago normalizatzen ari zela horrelako figuren presentzia campusean».

Manifestazioak, ordea, ez zuen ikasleek aldarrikatutakoa lortu; kontrara: «Errepresio handiagoa jaso genuen erantzun gisa. EHUk, eskatzen genuen bilera onartu beharrean, Ertzaintzari deitu zion, eta Polizia ikasleei oldartu zitzaien. Hainbat zauritu izan ziren, eta modu arbitrarioan harrapatu zituzten bost ikasle atxilotu zituzten». Bost gazteek, gainera, atxilotu orduko pairatu zuten tratua salatu du: «Erasozko jarrera izan zuten gurekin; atxikita eduki gintuzten, ordu eta erdiz paretari begira, gure motxilak ostikoka jo, edota iseka egiten ziguten bitartean». Orain, kezkatuta daude hasitako prozesuagatik: «Ezin da ulertu mobilizazio batean parte hartzeagatik bost ikasleri 40 urtetik gorako espetxe zigorra eskatzea».

Mazkiaranen ustez, zigor eskaerak «beldurra eragiteko helburu politikoa» dauka: «Belaunaldi berriek militatzeko duten grina hori apaltzekoa. Ohartarazpen bat da: gehiegi mobilizatzen badira edo antolakuntzaren bidez unibertsitatearen izaera kapitalista agerian uzten badute, zigor bat jasoko dute». Hala ere, testuinguru orokorrago batera ere zabaldu du egoeraren analisia auzipetuak: «Oldarraldi handi batean gaude, protestarako, antolakuntzarako zein militatzeko eskubideak oztopatzeko».

Hain zuzen, Mazkiaranek azaldu du egoerak txarrera egin duela eskubide horiei dagokienez: «Langile mugimenduak indartsu zegoenean egin zituen konkistak handiak dira, gure aurreko belaunaldiak egintzat eman dituenak, baina, gaur egun, langile mugimendu hori baretu denean, berriz ere aldarrikatzen ari gara, esaterako, piketeak egiteko eskubidea. Lehen oso oinarrizkoak ziren gauzak berriro ere jarri behar ditugu lehen lerroan».

Elkartasuna ehuntzen

Isun ekonomikoari aurre egiteko asmoz, dirua biltzeko kanpaina bat jarri zuten martxan auzipetuek. «Jendeak oso ondo erantzun du, eta pozik gaude bildutakoarekin. Hala ere, epaiketan ateratzen denaren arabera, agian jarraitu beharko dugu diru gehiago biltzen». Bitarteko ekonomikoak lortzeko elkartasuna antolatzea «beharrezkoa» da auzipetuentzat, baina Mazkiaranek azpimarratu du garrantzi berezia ematen diotela herritarrek auziari «modu kolektibo batean» ulertzeari: «Atxilotua beste edozein izan zitekeen; modu arbitrarioan egin zituzten atxiloketak. Beste edozein mobilizazio edo eragile izan zitekeen. Beraz, uste dugu garrantzitsua dela kasu honetan mobilizatzea, eta kontsentsu handi moduko bat sortzea; erakustea herri borondate handi bat dagoela militantzia politikoa babesteko».

Mobilizazioak egingo dituzte. Lehena Altsasuko jaietan egingo dute, irailaren 16an. 18:00etan izango da, herriko plazan. «Errepresioaren aurka antolatu behar dugu, haren kostuak ahalik eta txikienak izateko, eta militatzeko aukera bermatuta egoteko», nabarmendu du Mazkiaranek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.