Ezbehar larria gertatu zen atzo iluntzean Lizarran (Nafarroa): Logroñotik zetorren autobus bat balaztarik gabe geratu zen Karlos VII.a kaleko biribilgunera iristean. Gidariak ibilgailuaren kontrola galdu zuen, eta auto bat zanpatu zuen biribilgunearen ondoan dagoen gasolindegiaren kontra. Autoan emakumezko bat eta haren bi umeak zeuden. Haietako bat, 8 urteko neskatoa, une hartan bertan hil zen; 5 urteko mutikoa, berriz, larriospitaleratu zuten, eta gaur goizean hil da. Amak eta ibilgailuak harrapatutako oinezko batek larri zaurituta daude oraindik, baina egonkor. Elkarretaratze isilak egin dituzte eguerdian hala Lizarran nola Aiegin eta Arroitzen ere.
Bi umeak eta ama barruan zituen auto hori jo eta gasolindegiaren hegal bat urratuta, errepidean aurrera jarraitu zuen autobusak. Oinezko bat harrapatu zuen, emakume bat, eta beste dozenaren bat ibilgailu jo zituen. Azkenean auto batzuen kontra gelditu zen, aurreko ispilua txikituta. Autobusean zortzi lagun zihoazen, eta onik daude guztiak. Bidaiariek eurek kontatu dutenez, gidariak oihu egin zien ongi eusteko, frenorik gabe zihoazela konturatu zenean.
Ezbeharra 20:10 aldera gertatu zen, NA-1110 errepidean, Aiegiko errepidetik Lizarrarako sarbidean. Hain justu, Aiegikoak dira hildako umeak eta haren familia, BERRIAk jakin duenez. Arroitz zen, bestetik, amaren jaioterria, eta hiru herrietan ezarri dituzte hiru dolu egun. Jaitsita edo xingola beltzarekin daude udaletxeetako banderak ere.
Ezbeharraren berri izatean, larrialdi zerbitzuak, foruzainak eta suhiltzaileak bertara joan ziren; autobusak jotako auto batetik baino gehiagotatik atera ezinik geratu ziren haietan zeuden pertsonak, eta zauritutakoak artatzen eta ibilgailuetan harrapatutakoak ateratzen jardun ziren.
Zer gertatu zen ikertzen ari da Foruzaingoa, eta ezbeharraren lekura joan zen atzo bertan Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Barne kontseilaria. Adierazi zuen beharrezko ikerketak abiatu dituztela istripua zer-nola gertatu zen argitzeko.
Elkartasun mezuak
Eragile ugarik kezka agertu dute eta doluminak eman dituzte sare sozialetan, istripuarekin larrituta: «Albiste mingarriak iristen ari dira Lizarratik. Nafarroako Gobernuak laguntza eskaini dio Lizarrako Udalari, beharrezko jotzen duen guztian laguntzeko. Nire besarkada hildako umearen senideei eta zauritu guztiei», idatzi du Maria Txibite gobernuko lehendakariak. Unai Hualde parlamentuko presidenteak, berriz, «maitasun eta elkartasun osoa» helarazi die ezbeharraren biktimei eta haien senideei. «Istripu izugarria eta ondorio izugarriak. Besarkada handi bat familiari eta zauritutako guztiei», esan du Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak. Javier Esparza UPNko buruak ere doluminak eman ditu, eta lanean aritu direnei eskerrak eman dizkie.
Lizarrako alkate Gonzalo Fuentesek «tragediatzat» jo du gertatutakoa, eta gehitu du udalaren baliabide guztiak jarriko dituztela sortzen den edozein beharri erantzuteko. Aiegiko eta Arroizko alkateek ere babesa adierazi nahi izan diote adingabeen familiari.