50 bat hautetsik goi tentsioko linea ez eraikitzeko eskatu dute

Ezkio-Itsaso eta Gueñes batuko dituen linearen aurkako jarrera erakusteko galdegin diete instituzioei

Hautetsiek goi tentsioko linearen aurkako manifestua sinatu zuten, atzo, Berrizen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gueñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean goi tentsioko linea eraikitzeko egitasmoaren aurkako manifestua sinatu zuten atzo, Berrizen (Bizkaia), ia 50 hautetsik. Linea 24 udalerritatik igaroko litzateke, eta horietako askotan sortzen hasi den aurkako jarrera agerian utzi zuten udal ordezkariek. PPkoek salbu, udaletan ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztietako hautetsiek erakutsi dute proiektuaren aurkako jarrera.

Lurra erakundeak sustatu duen manifestuaren bitartez, hautetsiek 72 kilometro luze izango den 400.000 volteko goi tentsioko lineari «erabateko aurkakotasuna» adierazi diote, eta eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiei eta Espainiako gobernuaren EAEko ordezkaritzari eurek ere aurkako jarrera erakuts dezaten, «ingurumen ikuspuntutik nahiz ekonomikotik justifikaziorik ez duelako, eta osasunean, ingurumenean, paisaian eta ekonomian kalteak eragingo dituelako». Era berean, datozen asteetan manifestua ahalik eta hautetsi gehienek sinatzea nahi dute sustatzaileek, gerora instituzioei bidaltzeko.

Alberto Frias Lurrako kideak azaldu zuenez, atzo hasi zen goi tentsioko linearen aurkako borroka. «Orain arte informazio falta izugarria egon da, baina dagoeneko hasi dira herrietan mobilizatzen. Plataformak sortuko dira, indarrak batuta borrokatzeko».

Mallabia (Bizkaia) da aurrena mobilizatu den herrietako bat. 1.200 biztanleko herria izanik, 1.010 alegazio aurkeztu dizkiote proiektuari. «Orain arte informazio handirik ez da egon, eta ez genekien egitasmoak zer forma izango zuen, baina jende guztia kontra dago», dio Aitor Loiola alkateak. Herrian «oso kezkatuta» daude: «900 metrora Gatika-Itsaso linea dago. Eta sustatzaileek kontrakoa esan arren, badakigu osasun kalteak eragin ditzakeela. Eta auzotarrak kexu dira. Batzuek dagoeneko esan dute linea eraikiz gero etxea saldu eta beste norabait joango direla bizitzera». Goi tentsioko linearen beharrik ez dagoela uste du Loiolak. «Ez dago justifikatua, eta ez dauka lehentasunik».

Iritzi berekoa da Javier Azpitarte Berrizko alkatea ere. Mallabitik bezala, Gatika-Itsaso goi tentsioko linea igarotzen da herritik, orain eraiki nahi dena joango den lekutik 600 metrora. Azpitartek uste du proiektua ez dagoela justifikatua. «Beharrik ez dago. Eta beharra egongo balitz ere, zergatik ez bideratu gaur egungo tokitik?». Nolanahi ere, arrazoirik ez dio ikusten egitasmoari: «Politikari guztiak ari gara hizketan energia aurrezteaz. Eta horrek ez du bat egiten hitz horiekin».

Goi tentsioko linearen berri komunikabideen bidez jakin dutela salatu zuen Azpitartek. «Orain jaso dugu lehenengo planoa. Eta proiektuak, gainera, ez ditu baloratzen eragingo dituen kalteak, ez zuzenak, ez zeharkakoak. Linea horrek lur batzuk ukituko ditu, eta proiektuak bermatu beharko luke lur horien jabeen etorkizuna. Baliabideak eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.