stiral eguerdia, Gasteizko erdiguneko kaleetan. Beroa da nagusi asfaltoan, termometroa 30 gradutik gertu, eta autoen oihana irakiten dagoen asteko unea. TUVISAko gidari Xabier Asurmendiren autobusak aire egokitua dauka. Ibilgailuen heren batek du soilik. «Pentsa ezazu horretan doazenak nola egongo diren! Bezeroek ere nabaritzen dute minutu gutxian egonda ere», esan du hiru metro aurrerago doan autobus zaharrari buruz. Gidariek 2003ko uda sargorian aire egokiturik gabeko autoetako tenperatura neurtu eta tarteka 50 gradukoa zela jakin zuten. Udalak barazki, fruta eta ur asko hartzeko gomendatu zien.
Gasteizko EAJko zinegotzi Iñigo Antiak TUVISAren egoera «larria» dela esan du: «Autobusik zaharrenak ari direnez, beroarekin egoerak okerrera egingo du halabeharrez». Asurmendi (sei urte eman ditu gidari, eta langileen ordezkaria da gaur egun LABen partez) ados dago eta ibilgailuak zaharrak direla salatu du. PPri leporatu dio zerbitzua berritzearen alde Jose Angel Cuerdaren garaian «talde politiko guztiek lortutako akordioa zakarretara bota izana». Azken zazpi urteetan lau autobus erosi dira, berritzeko planak 38 unitate berri lortuko zirela zioen arren.Beroari buruzko ika-mika udal gobernu taldearen «utzikeriagatik» sortutako «egoera kaskarraren isla» dela uste du: «Bistan da (Udala) TUVISA alde batera uzten ari dela, zerbitzua pribatizatzeko asmoa dagoelako akaso».
Zortzi minutuko atzerapena
Gidaria erdialdetik irten eta Adurtza auzora doa. Puntako orduak da eta eguerdiko auto ilarek zortzi minutuko atzerapena eragin diote, baina lasai doa. Jendea tropelka igotzen da geltoki bakoitzean. Emakumeak dira nagusi. Adinari dagokionez, gazteek eta zaharrek erabiltzen dute gehien. Asurmendiren iritziz, «garai batean emakumeak eta zaharrak ziren nagusi, baina hori aldatzen hasia da». Bezero kopurua igo delako da hori.
Bestalde, diruarekin gutxik pagatzen dute (%17k aurreko egunean, esaterako), txartelak zeharo zabalduta baitaude.esaEgunerokoan traba gehien zerk egiten dion galdetu diogu, eta hauxe erantzun du zortzi orduz autoan sartuta egoteak ematen dion autoritatearekin: «Gidariek ez daukate batere pazientziarik. Zakarkeriaz jokatzeko ohitura honekin ez goaz inora». «Bitxia da, baina oinezkoek uste dute autobusak pasatzen utzi behar dietela beti, igaro ezin den tokitik igarota ere!».
Lan prekarietatea da nagusi
Autobusa Errekaleor auzora ailegatu da. Sindikatu batzuek TUVISAn greba egiteko plazaratutako mehatxuaz galdetu diogu, eta gidariak ez dauka argi: «Beroa kontu larria dugu, baina greba egiteko auzi garrantzitsuagoak daude eta ez da ezer egiten. Lan baldintzak, adibidez: 70 gidari behin-behinekoak dira, hots, guztion %40 inguru».
Hemendik pare bat urtera, gainera, Udalak zirt edo zart egin beharko du, Gasteiz inguratzen duten auzo berrien hazkundeak eskaera ugarituko baitu. Asurmendiren ustez, PPk tranbia hobesteko asmoa agertu du oraingoz (TUVISAren lau zerbitzu kenduko ditu), baina, hala eta guztiz ere, laster batean 20 autoren premia izango dela dio.Gidaria erdialdera itzuli da Jesus Guridi kaletik sartuta. Bistan da auto partikularrek autobusek gelditzeko erabiltzen dituzten esparru batzuk inbadituta daudela. «Agintariek garraio publikoaren garrantzia izaten dute hizpide, baina gero ez dute behin ere autobusentzako semaforo lehentasunik indarrean ezartzen». Ematen duten diskurtsoan sinesten ez dutela uste du. Ondorioa eman du, bidaia amaitzearekin bat kasik: «Gasteizen garraio publikoa erabiltzea ez du merezi. Non bizi zaren, denbora bera beharko duzu autobusez edo oinez joanda. Eta jai dauka bizkorra ez bada».
Bihar: Bizkaia
50 gradu eta pazientzia gutxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu