Erakundeak

516 milioi euroko aurrekontua bozkatu du Euskal Elkargoak

212 milioi euro bozkatu ditu inbertsioetarako. Uraren kudeaketari dagokio zati handiena: 95 milioi.

Kotte Ezenarro eta Jean Rene Etxegarai, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko martxoaren 4a
13:40
Entzun

373,4 milioi euroko aurrekontua onartu du Euskal Hirigune Elkargoak. Horietarik 271,7 milioi funtzionamendu gastuei dagozkie, eta 121,7 inbertsioei. Gainerako hamar aurrekontu gehigarriekin 516 milioi eurokoa da kopuru osoa: 304 milioi funtzionamendurako eta 212 milioi inbertsioetarako. Uraren kudeaketari dagokio aurrekontuaren zati handiena, hala nola, 95 milioi euro. Ekonomia arlorako dira 26 milioi, eta lurraren antolaketa eta etxebizitzarako beste 20 milioi. Elkargoaren egoera ekonomikoa «sanoa eta sendoa» dela berretsi du Jean Rene Etxegarai lehendakariak, testuinguru zaila izanik ere. Aurrekontuaren lurraldekako aurkezpena eskatu dute, beste behin, hainbat hautetsik, eta herriei emango zaizkien diru laguntzek ere eztabaida sortu dute.

Abenduan sortu ziren talde politkoak elkargoan: EH Bairen inguruko hautetsiak Bil Gaiten taldean elkartu dira, eta Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta EAJko Ipar Buru Batzarreko buruak nagusiki barnealdeko herrietako ordezkariz osatua den etiketarik gabeko Elkarrekin Herriarentzat taldea bultzatu du. Kolaboratzaile bat ordaindu ahal izateko baliabideak eskatu zituzten bi taldeek, baina atzo bozkatutako aurrekontuan ez da deus aurreikusia. Asteazkenean bildu ziren bi taldeak Etxegarairekin, eta baliabide horiek maiatzeko biltzarrean bozkagai jarriko dituela hitz eman zien. Ez du zehaztu delibero hori babestuko duen ala ez.

Talde politikoei buruz orain arte izan diren adierazpenak deitoratu ditu Xavier Lacoste Irisarriko (Nafarroa Behera) auzapez eta Elkarrekin Herriarentzat taldeko kideak, eta «baretasuna» eskatu du. Talde gisa eratu ala ez, funtsean hautetsi guziak talde politiko baten parte direla baieztatu du.

Halaber, aurrekontuen lurraldekako aurkezpena eskatu du beste behin bere taldearen izenean «gardentasuna» beharrezkoa dela erranez. Eskaera babestu du Mathieu Berge Baionako hautetsiak ere. «Ez dakit nolatan elkargoak ez duen egiten ahal Akitania Berria eskualdean horretarako gai bagara». Etxegaraik hitz eman du «uda aitzin» emanen dituztela elementuak, baina galdera egin du: «Zertarako balio du lurralde eremuka funtzionatzeak elkargo bakarra garenetik?».

Jean Marc Baranthol Zuberoako lurralde eremuko erreferenteak bere eremuan egin diren gastuak zerrendatu zituen. Elkargoaren sorrerarekin Zuberoan egiten den gastua zazpi milioitik hamar milioira pasa dela baieztatu zuen, eta elkargoko agente kopurua emendatu dela ere ohartarazi zuen.

Bil Gaiten-ek ere iritzia eman du aurrekontuei buruz. Nicole Etxamendi Itsasuko (Lapurdi) hautetsiak hilabete bukaera «zailak» deitoratu ditu, energiaren eta lehentasunezko gaien prezioen emendatzea aipatuta. Elkargoak proposatzen dituen zerbitzuei buruzko gogoeta eskatu du, herritarren irabazien arabera egokitu beharko liratekeela iradokita. «Familien egoera ekonomikoa konplikatzen denean, aisialdi eta kultura gastuetan egiten dituzte murrizketak gehienetan».

Xabi Thikoipe Donamartiriko hautetsiak inbertsioei eta elkargo proiektuaren arteko loturaz galdetu du. «Nola hartuak dira erabakiak?». Aitzineko urteetan aurreikusia baino «askoz ere» inbertsio apalagoak egin zirela ohartarazi du: 51 milioi ia eta, 45 milioi duela bi urte. Aurrekontuaren bozka Bil Gaiten abstenituko zela iragarri du.

Bozka sekretua izatea eskatu du Elkarrekin Herriarentzat taldeak, hautetsiek jasan litzaketen «presioak» sahiesteko. Eztabaida eragin du eskaerak, bainahautetsien heren baten babesa lortuta aitzina egin du. Ororen buru 133 hautetsik aurrekontuaren alde bozkatu dute, 22k kontra eta 55 abstenitu dira.

Herrientzako laguntzak
Otsailean iragarri bezala 2026 arte 20 milioi euro aurreikusi dituzte herrien inbertsioak eta proiektuak laguntzeko. 158 herrietako bakoitzak 30.000 euroko laguntza eskuratuko du, eta gainerako zama soiltasun energetikoa eta ingurumen aztarna apaltzea helburu duten proiektuak laguntzeko izanen da. Elkargoko hamar lurralde eremuen artean banatuko dute dirua «ekitatiboki», eta eremu bakoitzean aztertuko dituzte proiektuak.

Emendakina aurkeztu du Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsiak Elkarrekin Herriarentzat taldearen izenean: 5.000 biztanletik gorako herrientzat 30.000 euro eta 5.000 biztanletik beherakoentzat 40.000. «Azken orduan» egindako emendakina deitoratu du Kotte Ezenarro finantza lehendakariordeak, eta herrien artean «desoreka» eraginen duela erran du.

Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) auzapezak erran du eztabaidaren oinarria lurralde bakoitzak behar dituen inbertsioei buruz eztabaidatzea dela erran du.Ideia bera defendatu du berantago Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapezak Bil Gaiten-en izenean, igerilekuen finantzazioari buruzko eztabaida iritsi denean. Etxelekuren emendakina bozkagai jartzea ukatu du Etxegaraik, hainbat hautetsiren haserrea eraginez. «Kontsideratzen dut kontsentsua baduela oinarrizko erabakiak».

Etxebizitzaren arazoa
Etxebiztzaren gaiak ere izan du lekua elkargoko batzarrean. Hainbat hautetsik Frantziako Asanblean aurkeztutako lege proposamena babesteko eskatu du Colette Capdevielle Baionako PSko hautetsiak. Besteak beste fiskalitate arloko neurriak barnebiltzen ditu, hala nola, turismora bideratutako bizitegiek duten zerga beherapena ezabatzea eta bigarren etxebizitzen gaineko zerga emendatzea.

Testua «interesgarria» dela erran du Etxegaraik, eta zentro eskuineko beste parlamentari batzuek egindakoak ere aipatu ditu. «Ezin dugu aldi oro mozio bat onartu lege proposamenak babesteko». Maiatzeko batzarrean bozkagai jartzeko engaiamendua hartu du hala ere. Elkargoan etxebizitzaren eta turismoaren ardurak dituzten lehendakariordeekin lanean segituko dutela erran du, eta apirilaren 1ko manifestazioan parte hartzera deitu du. «Uste dut karrikan milaka jende biltzeak ere baduela pisua Parisi begira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.