54.559 lagunek eman dute botoa posta bidez

Correosek jakinarazi duenez, duela lau urte baino %52,8 gutxiago izan dira, baina duela zortzi baino %14 gehiago.

Correoseko langile bat, posta bidezko botoak entregatu berri, udal eta foru hauteskundeetan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Correoseko langile bat, posta bidezko botoak entregatu berri, udal eta foru hauteskundeetan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2024ko apirilaren 19a
15:30
Entzun

Atzo amaitu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan posta bidez botoa emateko epea, eta, Correosek jakinarazi duenez, 54.559 lagunek eman dute botoa. Duela lau urte baino %52,8 gutxiago dira ─orduan 117.441 izan ziren─, eta 2016ko irailean baino %14 gehiago ─47.826─. Kontuan izan behar da, baina, 2020ko uztaileko bozen testuingurua COVID-19ak eragindako pandemiak baldintzatu zuela. 

Argitaratutako datuen arabera, 57.726 eskari egin ziren hauteskundeetan posta bidez bozkatzeko, eta guztiei helarazi diete beharrezko dokumentazioa; zehaztutako helbidean eskura emanda edo bulego batean jasotzeko abisua emanda. Horietatik, baina, 54.559 herritarrek eman dute azkenik botoa: 30.034 lagunek Bizkaian, 16.961ek Gipuzkoan eta 7.564k Araban. Hau da, eskaera egin zutenen %94,51k.

Aferari aurre egiteko, Correosek zehaztu du azken asteetan hirurehun langile kontratatu dituela bulegoetako eta banaketa lanetarako, lantaldea indartzeko. Igandeari begira, berriz, zehaztu du berrehun langile baino gehiago arituko direla boto horiek dagozkien hauteskunde mahaietara eramateko lanetan. Aurten, 2.695 mahai izango dira, 724 hauteslekutan banatuta.

Horrez gain, jakinarazi du orain arte INE Espainiako Estatistika Institutuak egindako 1.712.301 errolda txartel banatu dituztela, herritarrek botoa emateko beharrezko datuekin: errolda datuak, eta botoa eman beharreko hauteslekua eta hauteskunde mahaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.