Arritxu Santamariak eta Martin Aranburuk eman dute Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak orain arte egindako lanaren berri.
Eragile sozial, politiko eta sindikalekin harremanetan jartzeko fasea dagoeneko amaitu dutela iragarri dute, eta ahaleginak emaitza politak eman dituela: saioa egin duten eragile guztien artean bostek baino ez diote uko egin Konponbiderako Batzordearekin elkarrizketatzeari; zehazki, PPk, UPNk, UAk, Basta Ya-k eta Covitek. "Ez dute parte hartu nahi eta interlokuzioa eta proposamenak egiteko aukera baztertu dute", azaldu dute. Nolanahi ere, etorkizunean jarrera aldatuz gero parte-hartzeko modua izango dutela argitu dute Batzordeko bozeramaileek.
Dena den, 55 bat eragilerekin izan dituzte harremanak, eta guztiek agertu dute konponbide prozesuan parte-hartzeko borondatea nahiz eta engaiamendu maila desberdinekin izan. Esaterako, Ezker Batua, PSE, PSN eta UDF alderdiek zein EAE eta Nafarroako CCOO, CFDT, CFTC, CGT, FO, SUD eta Nafarroako UGT sindikatuek prozesuari buruzko informazioa jaso nahi dutela adierazi dute, haietako batzuk ahozko proposamenak egin dituzte, baina oraingoz ez dute idatzizko ekarpenik egingo.
Hala ere, alderdi, gizarte mugimendu eta sindikatu ugariren ekarpen idatziak jaso ditu dagoeneko Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak: EAJrena, EArena, Batasunarena, ABrena, Aralarrena, CDNrena, NEBrena, Elgar-ena, Berdeena, Batzarrerena, Zutikena, ELArena, LABena, EILASena, Askatasunarena, Ermuako Foroarena, Gesto por la Paz-ena, Elkarrirena...
Ekarpen horiek guztiek bildu eta sintesi bat egin nahi du orain Konponbidea Sustatzeko Batzordeak, gero horretatik abiatu eta eragileei gutxieneko akordio bat proposatzeko. Akordio horretatik Konponbiderako Mahaia sortzea litzateke helburua.
Nazioarteko ordezkaritza
Eragileekin egindako lanaren berri ez ezik, beste urrats bat ere agertu du Konponbidea Sustatzeko Batzordeak: hain zuzen ere, batzordea egiten ari den lana nazioartera eramateko eta handik babesa jasotzeko naziorteko arduradun talde bat sortu dutela. Ordezkaritza horretako kide izango dira Jose Luis Elkoro eta Mikel Muñoa. Bi helburu izango ditu ordezkaritza horrek: batetik Euskal Herrian ematen ari den prozesuaren jarraipena egin eta babesa eskaini, eta, bestetik, prozesuaren berri nazioarteko komunitateari jakinaraztea.
Euskal Herriko Gatazka
55 eragilerekin izan ditu harremanak Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak
Euskal Herriko gatazkari irtenbidea bilatze aldera, eragile politiko, sozial eta sindikal guztiekin harremanak izateko saioa egin du Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak, hain zuzen ere, konponbide prozesu martxan jartzeko eta hartan parte hartzeko gonbita egiteko. PPk, UPNk, UAk, Basta Ya-k eta Covitek ezik, gainerako eragile guztiek izan dute harremana Batzordearekin; 55en batek guztira. Gainera, haietako askok ekarpenak egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu