Caritasek iaz 55.472 pertsonari eman zien laguntza Hego Euskal Herrian. Laguntzak mota askotakoak diren arren, oinarrizko beharrizanei erantzuteko laguntza eskariek gora egin dute, eta horien artean etxebizitzarekin lotutakoa nabarmendu dute probintzia guztietako Caritasekoarduradunek. «Familiaren zorpetzearen arazoa geroz eta larriagoa da», azaldu du Santos Gil Arabako Caritaseko zuzendariak. Hain zuzen ere, krisiak aurrera egin ahala langabezia arazoek zorpetze horri aurre egitea geroz eta zailagoa egiten duela gogorarazi du.
Krisi ekonomikoa hasi zenetik lau urte igaro ondoren, pobrezia «kronikoa, zabala eta larria» dela azaldu du Caritasek. Hain zuzen ere, geroz eta jende gehiago gerturatzen zaie, baina pobreziatik atera ezinik denbora daramaten pertsonak dira Caritaseko zerbitzuetara jotzen duten gehienak, eta zerbitzu horiek hilabeteetan erabili dituztenak.
Horretaz gain, krisi ekonomikoak irauten duen heinean, Caritasera jotzen dutenen ezaugarriak aldatuz doaz. Emakumezkoak eta etorkinak dira oraindik gehienak, baina beste ezaugarribatzuetakoak ere agertzen ari dira: pentsio txikia dutenak eta lanik gabe dauden seme-alaben beharrei ere erantzun behar dieten edadetuak, adingabeak, bizitzan lehen aldiz behar egoeran dauden pertsonak eta nora jo ez dakitenak...
Egoera geroz eta konplexuagoa dela ohartarazi du Ana Sofi Telletxeak, Bizkaiko Caritaseko Ikerketa Saileko langileak. Konplexutasun horren barruan, bazterketa egoeran dauden talde guztien artean, buruko gaitzak dituztenak geroz eta gehiago direla ohartarazi du. Baliabide materialak amaitu eta gero krisiak irauteak eragiten dituen arazoak gogorarazi ditu. Horrez gain, pobrezian dauden gehienak emakumeak izateak haien seme-alabengan duen eragina ere nabarmendu du.
Oharra agintari politikoei
Iazko jardunaren berri emateaz gain, Caritasek egungo egoeraren balorazioa ere eman du. Bertan, besteak beste, instituzio eta agintari politikoen jokabidea gaitzetsi du. Hain zuzen ere, krisi ekonomikoaren une latzenean gizarte laguntzetan eta zerbitzuetan murrizketak egitea aurpegirati die. Ez hori bakarrik. Lege eta araudien bidez murrizketa horiek areagotzea ere kritikatu du.
Eusko Jaurlaritzak gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko irizpideak aldatu izana ere gaitzetsi du Caritasek. Arduradunek azaldu dute aldaketa horrengatik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 3.600 pertsona geratu direla laguntza hori jaso gabe, eta haietako hainbatek Caritasen zerbitzuetara jo dutela. Laguntza hori zein etxebizitzako osagarria Lanbideren ardura denetik eskaerak atzeratu egiten direla salatu dute.
Arabako eta Bizkaiko Caritasek etxebizitzarako laguntza osagarriaren egoera salatu dute. Araban argitu gabeko 1.800 txosten daudela nabarmendu du Santos Gilek, nahiz eta bi hilabeteko epean argitu behar zituzten. Txosten horiek argitu bitartean, laguntzaren zain daudenei Caritasek berak aurreratzen die dirua, alokairua ordain dezaten. Bizkaian egoera bertsua dela azaldu dute. «Eskubidea onartuta eduki arren, ez dakigu zer korapilo duten bertan, baina sei hilabeteko atzerapenarekin daude», azaldu du Ana Sofi Telletxeak.
Kritikak kritika, gaur egun dauden arazoei aurre egiteko alde guztiekin hitz egiteko borondatea duela adierazi du Caritasek. Erakundeen laguntasuna eta zenbait ekinbide ere eskertu dituzte. Besteak beste, Jose Ramon Treviño Gipuzkoako Caritaseko gotzain ordezkariak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza bat abiarazi duela oinarrizko errentatik kanpo geratzen direnei diru sarrerak bermatzeko.
Itxaropena
Krisi une gogorrean egon arrenelkartasunak ere gora egin duela gogorarazi dute Caritaseko Hego Euskal Herrikoarduradun guztiek. Mota guztietako elkartasun keinuek gora egin dute, eta borondatezko lana egiten duten pertsonen milaka orduek daukaten garrantzia ere gogorarazi dute.
55.000 lagun Caritasera laguntza eske
Pobrezia «kronikoa, zabala eta larria» da Hegoaldean, Caritasek urteko txostenean ohartarazi duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu