Azken datuek kasuen gorakada nabarmen bat adierazten dute berriro ere Hego Euskal Herrian: 651 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 146 gehiago. Bizkaian goia jo dute kasuek azken orduetan. 402 kasu izan dira herrialde horretan; alarma egoera kendu zenetik zenbatu den kopururik altuena. Nafarroan, 82 kasu atzeman dituzte; Araban, 75; eta Gipuzkoan, 72. Erkidegotik kanpo beste 20 positibo detektatu dituztela jakinarazi du Jaurlaritzako Osasun Sailak.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan udan zehar kasu gehien zenbatu diren eguna izan da, eta Bizkaiko kasuek kezka sorrarazi dute. Halaber, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak adierazi du azken orduetan atzeman diren kasuetatik 280 baino gehiago hurbileko kontaktuen artean detektatu dituztela. Hain zuzen ere, aztarnarien lana goraipatu du sailburuak gaurko agerraldian. Murgak adierazi du orain 500 kasutik gora badaude ere egoera ez dela martxokoa bezalakoa. Izan ere, martxoan "larri zeudenak bakarrik" atzematen ziren, eta orain, berriz, profil guztietako pertsonak. Egun, 270 pertsona ari dira lanean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kutsatuen kontaktuak atzematen, Osasun Sailaren arabera, eta jende gehiago prestatzen ari direla jakinarazi du.
Ospitaleratzeak, bestalde, ugaritu egin dira beste egun batez. Atzo, 26 eri sartu ziren ospitalean Hego Euskal Herrian; azken orduetan 29 izan dira. Orain, 171 pertsona daude erietxeetan gaitzaren ondorioz, horietako hamasei zainketa intentsiboetarako unitateetan. Iruñeko osasun eremuan, gainera, pertsona bat hil da gaitzaren ondorioz.
Bizkaian, Bilbon ez ezik, hainbat udalerritan ere kasu ugari atzeman dituzte azken orduetan. Barakaldon, 47 kasu izan dira; Erandion, 15; Portugaleten, 36, atzo baino 29 gehiago; Sestaon, 28, atzo baino 21 gehiago; eta Zamudion, 16, 15 gehiago. Zamudioko zahar etxe batean hamarna bat kasu atzeman dituzte, hain zuzen ere, azken orduetan. Oraingoz, Osasun Sailak ez du zahar etxeentzat inolako neurririk iragarri, baina sailburuak adierazi du inguru horietan kutsatze gehiago ez egoteko modu bat "bisitak saihestea" dela.
Bizkaiko kasuen gorakadaren ondorioz, Osasun Saila foru aldundiarekin bilduko da arratsaldean, ezarri daitezkeen ekintza posibleak aztertzeko. Ignacio Garitano EAEko COVID-19aren kontrol planaren koordinatzaileak esan du neurriak ezarri aurretik kasuen jatorria zein izan den aztertu beharra dagoela, neurri horiek eraginkorrak izan daitezen: "Kasuen jatorri izan ez diren jarduerak mugatzen badira, emaitzak ez dira eraginkorrak izango".
Larunbatean Iñigo Urkullu lehendakariak etxeratze agindua ezartzeko aukera aipatu zuenetik, bolo-bolo ibili da gaia. Murgaren ustez, "baloratu beharreko zerbait" da. Izan ere, sailburuaren esanetan, gaueko ordu batzuetatik aurrera ez dira segurtasun neurriak errespetatzen: "Lokalak ixten badira, eta jendea beste tokietan pilatzen bada, neurriek ez dute kurba geratzeko efekturik izango".
Osasun larrialdia ezartzeko asmoa ere azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Kasuek igotzen jarraituz gero, egoera hori ezartzeko aukera dagoela baieztatu du Murgak. Oraintxe, egoera "aztertzen eta baloratzen" dabiltza. Osasun larrialdia ezartzeak are gehiago indartuko luke erakunde ezberdinen arteko elkarlana. Halere, sailburuaren hitzetan, aldundiekin eta udalekin duten elkarlana etengabea da egun.
Egunotan, lehen arretako zentroek salatu dute langile gutxirekin eta lanez gainezka dabiltzala. Osasun sistemak "eztanda" egingo duela ohartarazi dute bertako langileek. Egoeraren inguruan galdetuta, sailburuak azaldu du ez dagoela kontratatu daitekeen lehen arretako profesionalik une hauetan zerrendetan: "Egonez gero, kontratatuko ditugu; orain, udazkenean eta neguan".
Neurriak Tuteran
Nafarroako Osasun Sailak eta Tuterako Udalak plan berri bat jarri dute martxan COVID-19aren hedapena gelditzeko. Uztailaren 20tik abuztuaren 8ra 151 kasu atzeman zituzten Tutera herrian bertan, eta azken egunetan beste 51 izan dira. Tendentzia "kezkagarria" dela ohartarazi du gobernuak. Hain zuzen ere, azken asteko intzidentzia tasa Nafarroa osoan dagoenaren bikoitza izan da: 2,6 kasu 1.000 biztanleko Tuteran, eta 0,9 Nafarroan. Ospitaleratzeen kasuan ere, hazkundea izan da azken astean: 21 pertsona sartu dira osasun eremu horretako ospitaleetan, eta pertsona bat hil da gaitzaren ondorioz.
Egoera epidemiologikoa dela eta, neurriak ezarriko dira Tuteran, bereziki aisialdiari eta harremanei lotuta, jarduera horietan atzeman baitituzte kasu gehien. Edukiera erdira murriztuko da hainbat eremutan; besteak beste, gurtza lekuetan eta beilatokietan. Bestelako ospakizunean, edukiera 75 pertsonakoa izango da aire zabalean, eta 35 pertsonakoa toki itxietan. Elkarte gastronomikoetan, edukiera %75era mugatuko da, eta taldeak ezingo dira 25 pertsona baino gehiagokoak izan. Era beran, Osasun Sailak herritarrei eskatu die hamar pertsona baino gehiagoko taldeetan ez biltzeko.