Kasuek gora egin dute beste behin Hego Euskal Herrian. Asteburuan kutsatzeak apaltzen ari zirela zirudien arren, azken bi egunetan goranzko joera izan da. Azken orduetan, 689 kasuren berri eman dute, bezperan baino 94 gehiago. Gainera, egin diren PCR proben kopurua ere txikiagoa izan da: 909 test gutxiago egin dira. Kasurik gehienak Bizkaian atzeman dituzte berriro ere: abuztu guztian, hantxe atzeman dituzte kasu gehien. Atzo baino 56 kasu gehiago izan dira: 372. Araban eta Nafarroan ere koska bat gora egin dute positiboek, eta 100en langa gainditu da: 117 eta 113 izan dira, hurrenez hurren. Gipuzkoan, berriz, apalagoak izan dira kutsatzeak; 73. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpo bizi diren hamalau pertsonari detektatu diotela gaitza.
Ospitaleratzeen ugaritzeak ere ez du etenik. Egunetik egunera gehiago dira COVID-19 gaitzaren ondorioz erietxeetara sartzen direnak. Azken orduetan, 46, eta dagoeneko 250 eri daude Hego Euskal Herriko erietxeetan. Horietatik 26, ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan.
Herriz herri, Bilbok ditu kasu gehien beste egun batez, baina kasuak ere igo dira han: 177 positibo atzeman dituzte, iragan ostiraletik atzematen den kopururik handiena. Ezkerraldeko lau udalerritan hirukoiztu egin ziren kasuak atzo, eta agerraldi bat izan zitekeela zirudien. Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon 90 kasu zenbatu ziren atzo, eta azken orduetan, apalago bada ere, kasu ugari izan dira: 64.
Nafarroako Osasun Sailak ez ditu ematen herriz herriko datuen xehetasunak, baina jakinarazi du azken orduetako kutsatzerik gehienak Iruñerrian izan direla: %37, hain zuzen ere. Tuterako osasun eremuan atzeman dituzte positiboen %23, eta Lizarran, %22. Positibo berri gehienak familiarteko kutsatzeak izan direla ere azaldu du Osasun Sailak.
Zamudio, Zuia eta Mutrikuko intzidentziak, handienak
Intzidentzia tasarik handienak Zamudion (Bizkaia) eta Zuian (Araba) daude orain. Azken zazpi egunetan 32 eta 26 kasu izan dira. Izan ere, bai Zamudioko zahar etxean eta bai Zuiakoanagerraldiak atzeman dituzte egunotan. Kasurik gehien dituzten udalerriak ez izan arren, biztanle kopurua kontuan izanik —3.000 eta 2.300, hurrenez hurren—, tasarik handiena dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan: Zamudion, 100.000 biztanletik 1069 kutsatzen dira, eta Zuian, 1099.
Mutrikuko (Gipuzkoa) egoera ere antzekoa da. Abuztuaren 13rik 19ra bitartean, positibo atzeman dituzte, eta herriko intzidentzia tasarik handienetakoa dute: 100.000 biztanletik 712 kutsatzen baitira han. Kasuen kopuruak ikusita, itxura du herrian agerraldi bat dagoela, baina Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du halakorik baieztatu.
Azpeitiko zahar etxean ez dute kasurik atzeman
Azpeitian (Gipuzkoa) kasu gehiago atzeman dituzte azken orduetan. Hain zuzen ere, bederatzi. Ostegunean Erdikalen agerraldi bat atzeman zutenetik, 111 kasu detektatu dituzte. Gaur, beste 150 proba egingo dituztela jakinarazi du udalak. Era berean, udalak azaldu du herriko zahar etxeko egoiliar guztiei eginiko probak negatibo izan direla: «San Martin egoitzako egoiliarren negatiboen berri izateak lasaitasun pixka bat ematen digu. Izan ere, gure kezka nagusia adinekoak eta patologiaren bat duten herritarrak dira». Halaber, Nagore Alkorta alkateak adierazi du agerraldia kontrolatzeko lanean jarraitzen dutela eta prebentzio neurriak zorroztea «ezinbestekoa» dela horretarako.