71 urteko kartzela zigorra surf irakasle batendako, 11 adingaberi sexu abusuak egiteagatik

Gizonak Hondarribiko surf eskola batean egiten zuen lan, eta 2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak.

Surf irakaslearen kontrako epaiketaren lehen saioa, martxoaren 10ean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Surf irakaslearen kontrako epaiketaren lehen saioa, martxoaren 10ean, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Isabel Jaurena.
2025eko uztailaren 22a
12:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 71 urte, bortz hilabete eta bederatzi eguneko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 11 adingaberi sexu abusuak egiteagatik eta haurren sexu esplotaziorako materiala edukitzeagatik. Gizonak Hondarribiko (Gipuzkoa) surf eskola batean egiten zuen lan, eta 2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak. 2021eko abuztuan atxilotu zuten, eta orain arte kartzelan egon da. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu dute helegitea.

Lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri diote sexu abusuen delitu bakoitzeko, horietako bakoitzaren larritasunaren arabera. Horrez gain, bortz hilabeteko zigorra ezarri diote haurren sexu esplotazioa erakusten duen materiala edukitzeagatik. Eta kartzela zigorraz gain, erasotzaileak adingabe bakoitzari 3.000 eta 30.000 euro bitarte ordaindu beharko dizkio.

Zaintzapean aske egon beharko du, eta ezin izanen da biktimekin mintzatu edo haiengana hurbildu. Gainera, ezin izanen du lanik egin adingabeekin harremanetan egoteko modua emanen dioten lekuetan.

Familiak «harrituta»

Biktimen familiek adierazi dute epaiarekin «pozik» daudela, baina «neurri batean» soilik. Izan ere, «harrituta» daude epaileak ez duelako onartu «intimidazioa» egon zenik, eta, beraz, gizona sexu abusuak egiteagatik zigortu dute, eta ez sexu erasoengatik.

Beren irudiko, «intimidazio argia» egon da: «Ez soilik akusatuak gurasoekin eraikia zuen konfiantzagatik, adingabeei buruz zuen informazio guztiagatik ere bai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.