Politika

8 eta 10 urteko kartzela zigorrak Amnistiaren Aldeko Mugimenduko 21 kiderentzat

10 urtekoa ezarri diete Juan Mari Olanori, Julen Zelaraini eta Aitor Jugori. 8 urtekoa beste 18 auzipeturi. Julen Arzuaga, Juan Antonio Madariaga eta Ixone Urzelai absolbitu egin dituzte. Zigortutako 21 lagunetatik 13 berehala espetxeratzeko agindu du epaimahaiak, eta beste zortzi baldintzapean aske utzi dituzte epaia irmoa izan arte. Zigor horiek ezartzeaz gain, Aministiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna legez kanpokotzat jo ditu epaimahaiak eta desegiteko agindu du.

2008ko irailaren 17a
19:04
Entzun
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide zirenez, "erakunde armatuko kide" izatea egotzi zieten 24 laguni apirilaren 21etik ekainaren 18ra bitartean Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan. Gainera, hiruri -Juan Mari Olanori, Julen Zelaraini eta Aitor Jugori- AMMko buruzagi izatea leporatu zieten, eta, horrenbestez, "erakunde armatuko buru" izatea.

Epaimahaiak ontzat eman du AAM eta "erakunde armatuarekin" parekatzea, eta horrenbestez, espetxe zigorrak ezarri dizkie auzian epaitutako 27 lagunetatik 21i. 10 urteko zigorra ezarri die Teresa Palacios epaileak gidatutako epaimahaiak Olanori, Zelaraini eta Jugori; hots, "buruzagitzat" jo dituztenei. 18 auzipeturi, berriz, 8 urtekoa (10ekoa zen fiskalaren eskaera). Azkenik, beste hiru lagun absolbitu egin dituzte: Senideak-eko Ixone Urzelai eta Juan Antonio Madariaga, eta Behatokiko Julen Arzuaga. Aurretik beste hiru auzipeturen kontrako karguak erretiratu egin zituen Fisklatzak, eta orain absolbitu egin dituzte: Jorge Luis Arredondo, Maite Mendez eta Mitxel Sarasketa dira.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren Casa de Campoko egoitzan epaiaren jendaurreko irakurketa egin dute, auzipetuak eta haien senide eta lagunak aretoan zirela. Zigorren berri jakin ahala, agur giroa nagusitu da. Dena den, epaia irmoa ez denez, banan bana aztertu dute zigortutako lagun bakoitzaren egoera, eta 13 baldintza gabe espetxeratzeko agindu du epaimahaiak. Beste zortzi, ostera, behin-behinean libre utzi ditu astean bitan sinatzera joateko baldintza ezarrita. (*'Zigorrak eta espetxeratuak' izeneko aparteko testuan ageri da zerrenda).

Gainera, 21 lagun horiek zigortzeaz gain, Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna legez kanpoko direla ebatzi du epaimahaiak, eta erakunde bi horiek desegiteko agindu du. Lehenago ere legez kanpoko ziren, baina Baltasar Garzonek hartutako behin-behineko erabaki baten ondorioz. Horien, behin betiko bihurtu da legez kanporatzea.

Auzitegiaren ustez, "ETArentzat helburuak" jartzen zituzten AABek. "Garbi dago Amnistiaren Aldeko Batzordeentzat ETA ez da soilik erakunde armatua, baizik eta fronte politikoa dela, eta hau dela bere menpean daudenentzat helburu estrategikoak jartzen dituena". Auzitegiak dio ABBek ez zituztela kale erasoak koordinatzen eta ez zituela ETArako kideak lortzen, "baina, armak ez erabili arren, ETAren helburuak lortzeko lan egiten zuten sentsibilizazio sozialaren bidez".

ETAk ABBak "baliatzen" zituzten, epaiaren arabera, "presoei aginduak helarazteko eta haiek agindu horiei men egiteko".

Onartu egin zuten AAMko kide zirela

Epaiketako auzi saioetan auzipetuek onartu egin zuten AAMko kideak zirela, eta Fiskaltzak ez zuen hori besterik frogatu epaiketan. Poliziaren teoriak bere egin eta AAM ETAko zati dela argudiatuta, 24 lagunak zigortu behar direla argudiatu zuen Fiskaltzak. AVT herri akusazioak gauza bera egin zuen.

Haika-Segi eta 18/98 auzien soka berekoa da AAMren kontrakoa. “Dena da ETA” tesiaren gainean Baltasar Garzon epaileak eraikitako sumarioak dira, Euskal Herriko antolakundeetan lana egiteagatik ETAri laguntzea egotzita abiatutakoak. Sumario gehiago ere badaude Auzitegi Nazionalean: Udalbiltzaren kontrakoa, Batasunaren kontrakoa eta Egunkaria-ren kontrakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.