“ETAren espetxe frontea” osatzea leporatuta, 48 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean —epaiketarako datarik ez du jarri oraindik auzitegiak; auzipetuen zerrenda albistearen amaieran—.
Fiskalaren zigor eskaeren berri emateko agerraldia egin dute auzipetuek Aieteko jauregiko parkean, Donostian. Haiei babesa emanez, han izan dira ELA sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñoz, LABeko Garbiñe Aranburu eta Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi Martin Garitano, besteak beste.
Akusazio eta zigor eskaeren larritasuna dela-eta, kezka agertu dute, eta, horiei erantzuteko, herritarrei eta Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta instituzionalei dei egin diete batzeko auzi honen salaketa dinamiketara, “ezberdintasun ideologikoen gainetik” eta nork "bere ahalegin propiotik zein bere eragin esparruetatik".
“Arduratu egiten gaitu gisa honetako makrosumarioek Euskal Herriko bizitza sozial eta politikoan izan dezaketen eraginak, are gehiago egungo testuinguruan”, adierazi du Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak, auzipetuen babes taldearen izenean. Agiri batean azpimarratu dute epaituko dituzten 48 lagunek “bakearen alde” lan egin dutela, modu “publiko eta transbertsalean”.
Auzipetuek, halaber, “giza eskubideen defentsan, demokraziaren alde eta etorkizun kolektibo hobe baten aldeko konpromisoa” berretsi dute.
Babesa “terrorismo”
“Terrorismo” delituak leporatzen dizkiete auzipetuei, 2012, 2013 eta 2014. urteetan eginiko jarduerengatik —ETAk 2011ko urrian amaitu zuen jardun armatua—.
Euskal presoen eskubideen aldeko lanean aritutakoak dira auzipetu guztiak. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari gisa arituak, presoei asistentzia juridikoa ematen dieten abokatuak, osasun asistentzia ematen dietenak —Jaiki Hadi elkarteko mediku eta psikologoak—, senideak —Etxerat elkarteko kideak—, eta Herrira-n presoen giza eskubideak aldarrikatzen ibilitakoak.
“Osasuna artatzea, defentsa juridiko egokia egitea, jardun politikorako aukera izatea eta harreman afektibo eta sozialak garatu ahal izatea ezinbesteko eskubideak dira, eta horrelako auzien bitartez larriki kolpatuak izan dira”, salatu dute babes taldeko kideek.
2013ko irailean hasitako polizia operazioetan du jatorria auziak: 11/2013 sumarioa. Eloy Velasco epaileak egin du instrukzioa.
Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin du Velascoren tesiarekin. Horren arabera, “ETAren espetxe frontea” osatzen dute auzipetuek. “Erakunde terroristako kide” izatea leporatzen die ia denei. “Ondo zekiten ETArekiko egiturazko dependentzia zutela”. Epailearen arabera, “KG Koordinazio Gunean” biltzen zirela haiek edo haiek ordezkatzen omen zituzten taldeak.
Poliziaren “interpretazioak”
Auzipetze autoan, ordea, epaileak berak onartzen du aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko “inongo daturik”. Hala ere, Velascok ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela “Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela”, eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren “hutsunea” betetzen zutela.
Tesi horretan oinarrituta Zigor Salak uste du 48 lagunak epaitzeko arrazoiak badaudela, baina epaile batek, Jose Ricardo de Pradak, boto partikularra kaleratu du horren aurka. Harentzat ez dago deliturik auzipetzeen jardunean. Poliziaren “interpretazio subjektiboak” daude akusazioen oinarrian. Haien jardunaren testuingurua aztertu behar dela dio; “garapen adierazgarria” egon dela “ETAren metodo terroristetatik jarduera politikora”, eta epaitzekoak diren ekintzak “jarduera politiko hutsa” direla.
Azken polizia operazio handia
2013ko irailetik dator auzia. Orduan egin zuten Herrira-ren aurkako operazioa, hemezortzi lagun atxilotuta. Handik gutxira atera zuen EPPK-k agiria, lege baliabideak erabiltzearen aldekoa. Preso eta iheslarien alde urtarrilero egiten den manifestazioaren bueltan iritsi ziren hurrengo operazioak: 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkakoa, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, azkenik, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten.
AUZIPETUAK
Abokatuak
Arantza Aparicio
Ainhoa Baglietto
Jon Enparantza
Iñaki Goioaga
Ane Ituiño
Amaia Izko
Eukene Jauregi
Jaione Karrera
Aiert Larrarte
Kepa Manzisidor
Onintza Ostolaza
Atxarte Salvado
Alfonso Zenon
Haizea Ziluaga
Arantza Zulueta
Bitartekari taldea
Jose Miguel Almandoz
Asier Aranguren
Jose Luis Campo
Egoitz Lopez de Lacalle
Aintzane Orkolaga
Aitziber Sagarminaga
Naia Zuriarrain
Etxerat
Izaskun Abaigar
Nagore Lopez de Luzuriaga
Herrira
Jesus Mari Aldunberri
Fran Balda
Jabier Carballido
Amaia Esnal
Jose Antonio Fernandez
Jon Garai
Nagore Garcia
Gorka Gonzalez
Eneko Ibarguren
Imanol Karrera
Sergio Labaien
Emilie Martin
Jon Mindegiaga
Ibon Meñika
Roberto Noval
Nagore San Martin
Oskar Sanchez
Manu Ugartemendia
Eneko Villegas
Beñat Zarrabeitia
Ane Zelaia
Ekain Zubizarreta
Jaiki Hadi
Fernando Arburua
Oihana Barrios