Erabakitzeko eskubidea

8.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte Oiartzualdeko giza katean

8.450 metroko giza katea osatu dute Pasai San Pedrotik hasi eta Pasai Donibaneraino, Lezo, Errenteria eta Oiartzundik igaroz. Jendetzak bat egin du erabakitzeko eskubidearen alde Demoarso plataformak antolatutako ekitaldiarekin. - Argazki bilduma (1) - Argazki bilduma (2)

arantxa elizegi egilegor
2016ko azaroaren 6a
13:19
Entzun

Eguraldi txarrak giza katea zapuztuko zuela uste zuena oker zegoen. Azken aste eta egunetan ehunka lagun aritu dira gaurko ekitaldia antolatzeko lanetan, eta herritarrek ez diete hutsik egin. 11:30ean zuten bertaratzeko deia, eta bete dute hitza. Antolatzaileen arabera, 8.000-10.000 lagun artean bildu dira, eta inguratu dute Pasaiako badia, 8.450 metroak.

Egierdirako minutu gutxi batzuk falta zirela, bi traineruk hautetsontzi bat eta boto bat eraman dituzte San Pedroko Torreko plazara eta Donibaneko Santiago plazara.

Handik eskuz esku igaroz egin du bidea, Errenteriako Zumardiraino. Metroko pertsona bat jartzea zen helburua eta lortutzat eman dute antolatzaileek; izan ere, 8.000 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte katean.

Bertan jendetza zegoen karpan, hautetsontzia eta botoa noiz helduko zain, eta iritsitakoan hasi dute ekitaldi ofiziala. Han, Conchi Sanchez eta Antonio Prior adinekoek eta Izaro Ibarguren eta Anatz Elizondo gazteek hartu dute hitza. Lehenek estatutuaren inguruko bozketan hartu zuten parte; bigarrenek, aldiz, lehen aldiz erabiliko dute erabakitzeko eskubidea.

Argi hitz egin du Priorrek: "Ez gabiltza amets baten bila; gu gara ametsa. Orain da unea; hel diezaiogun etorkizunari".

Bozketa datorren urteko martxoan egingo dute Oiartzualdean. Ez da, ordea, udaberrian galdeketak egingo dituen eskualde bakarra. Busturialdeko hainbat herrik atzo iragarri zuten apirilaren 2an herri galdeketak egiteko asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.