«Ez da lortu goranzko kurba iraultzea; ez kutsatuen kopuruan, ezta ospitaleratzeen kasuan ere»". Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua egungo egoeraz mintzatu da goizeko agerraldian, eta kasuen kopuruak handiak direla ohartarazi du. Izan ere, atzo, pandemia osoko kopururik handiena atzeman zen Hego Euskal Herrian, eta azken orduetan ere goitik ibili dira: 931 kasu detektatu dituzte. Sailburuak, baina, nabarmendu du kurbaren bilakaera martxokoa baino geldoagoa dela, eta iragarri du eta datorren astean kasuak «egonkortu» daitezkeela, aurreko astean ezarritako neurrien ondorioz. Halere, trasnmisio komunitarioa dagoela berretsi du.
Herrialdeka, bada alderik bezperako datuekin, Nafarroan batez ere. Izan ere, Tuterako lantegi batean atzo atzemandako positiboek bikoiztu egin zituzten egunotan herrialdean atzeman diren kasuen batezbestekoa. Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du kasu horietatik 148 direla Nafarrokoak. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan apaldu egin dira kasuak; Bizkaian, berriz, ugaritu. Bizkaian 432 kasu atzeman dituzte, atzo baino 76 gehiago; Gipuzkoan, 225 kasu izan dira, hemezortzi gutxiago; Nafarroan, 167, atzo baino 86 gutxiago eta Araban, 94, atzo baino 37 gutxiago.
Kasuen zifra altuen isla ospitaleetan igartzen ari da. Izan ere, erietxeetara gaitzaren ondorioz jende gehien sartu den eguna izan da, udako agerraldiak hasi zirenetik: 62 gaixo sartu dira Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Erietxeetan daudenak 321 dira une hauetan, eta horietatik 40 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude.
Donostiako agerraldiarekin lotuta, proba gutxi
Murgak une hauetan dauden oldarraldien inguruko datuak eman ditu prentsaurrekoan. Gernikakoa (Bizkaia) da kasu gehien dituena: 2.705 proba egin dituzte orain arte, eta 113 kasu atzeman dituzte ez-jaietan sorturiko agerraldiarekin lotuta. Gainera, gaur beste 600 test inguru egingo dituzte.
Gernikan egin diren proba kopuruan aldean, gutxi izan dira Donostiako bi dantzalekutan izandako agerraldiekin lotuta egin direnak. Osasun Sailaren esanetan, 240 proba egin dituzte Komplot diskotekan izan zirenei, eta horietatik 26 izan dira positiboak. Tropical diskotekan izan zirenen artean, aldiz, 43 proba egin dira eta 19 kasu atzeman: %44k eman du positibo.
Bestalde, Azpeitian (Gipuzkoa) hamahiru kasu izan dira azken orduetan, eta horietatik hamar herrian izandako agerraldiarekin daude lotuta. Osasun Sailak azaldu du hurbileko kontaktuei hamar egunetara egiten zaizkien PCR probetan detektatu dituztela kasuok, eta datozen egunetan progresiboki apaltzen joango direla kutsatzeak.
Donostiako proben kopuru apalaz galdetuta, Murgak azaldu du Jaurlaritzaren deialdiak irekiak eta borondatezkoak direla, baina, halere, jendea identifikatzeko lanetan dabiltzala argitu du. Sailburuaren hitzetan, jendeak probak egitera ez joatea erabakitzen badu "asko" zailtzen da aztarnarien lana, jende asko pilatu daitekeen tokietan bereziki. Gogor jardun da sailburua pertsona batzuek duten jarreraren inguruan. Dantzalekuetan egon eta proba egitera joan ez den jendea Donostiatik "besteak kutsatzen" egon daitekeela esan du: "Ez dugu hori geratzeko modurik porbarik egiten ez badute". Hain zuzen ere, egunotan Jaurlaritzatik hartu dituzten neurriak jende pilaketak ekiditeko eta agerraldi bat egonez gero kontaktuak lokalizatu ahal izateko direla esan du.
Osasun Sailaren beste kezketako bat bakartzeak betetzen ez dituzten herritarrak dira. Murgak azaldu du kasu batzuetan, bakartzeak ez direla behar bezala betetzen, eta proban negatibo eman arren, ezinbestekoa dela exean geratzea hurbileko kontaktua bada. Gainera, esan du badirela positiboekin harremanetan egon direla jakin eta porbarik egiten ez dutenak. Neurriak betetzen ez dituzten pertsona horiek gaixotasuna trasmititzen ari direla esan du sailburuak, tonu irmoan: "Norbaitek arrisku jarduerak egiten baditu, esaterako maskararik gabe egon jende askorekin, ez du ezertarako balio PCR probak egitea. Ohiturak aldatzen ez baditu arriskuan egoten jarraituko du". Gogoratu du une hauetan 40 pertsonatik gora daudela ZIUetan "heriotzaren aurka borrokan", eta ziurrenik, "poteoan edo familiarteko bilera batean egon den norbaitek" kutsatu dituela.