A-15 autobia eta zenbait mendate itxi dituzte, elurtea dela eta

Jaurlaritzak bihar arte luzatu du elurragatik ezarritako alerta. Nafarroan astelehenera arte ibiliko dira errepidean elurra kentzeko makinak

Nagore Arin - Unai Etxenausia
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Apirila izanagatik ere, elur malutek Euskal Herriko hainbat txoko estali zituzten atzo. Nafarroan izan zen agerikoena: goizean goizetik egin zuen elurra, eta aise zuritu zituen kaleak eta errepideak. Arazo ugari ere eragin zituen denboraleak, eta hainbat errepide eta mendate itxi egin behar izan zituzten. A-15a, kasurako, 08:00etarako itxi zuten, elurteengatik. Halere, eguerdirako ireki zuten berriz.

Errepidean ez ezik, hainbat mendatetan ere arazoak sortu ziren elurteen ondorioz. Herrerako eta Urduñako mendateetara (Araba) iritsi zen elurra, esaterako, eta Herrarakoa ibilgailu guztientzat itxi behar izan zuten, errepideko elurra garbitu eta berriz zabaldu arte. Opakuako eta Urduñako mendateak (Araba) kamioientzat eta ibilgailu artikulatuentzat soilik itxi zituzten goizean.

Bigarren mailako errepide sarean ere hainbat errepide itxi behar izan zituzten, besteak beste: NA-137a Burgi eta Izaba artean (Nafarroa), NA-2012a Otsagabia eta Irati artean (Nafarroa), eta Done Mikel Aralarkorako igoera (Nafarroa), hasieratik.

Istripuak ere eragin zituen denboraleak. Gipuzkoan hiru ibilgailuren arteko istripu bat izan zen Usurbil parean. Kazkabar erauntsi baten ondorioz gertatu zen, AP-8 autobidean, eta auto ilara luzeak sortu ziren Donostiara bidean.

Elurragatik ezarritako alerta bihar arte luzatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, litekeena delakoan 300 metrotik gora elurra egitea. Ia Nafarroa osoan ere elurra egitea espero da; horregatik, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du astelehenera arte egongo direla errepidean elurra kentzeko makinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.