Lapurdi itsasaldea zeharkatzen duen A-63 lau lerro izatetik sei izatera pasatzeko proiektua aitzinatzen badoa, Lurra Zain elkarteak onartezina dela deritzo, «pentsatua den bezala egiten bada», Mixel Esteban elkarteko idazkari nagusiak adierazi duenez. Horren frogatzeko, justuki, kontrainkesta sakon bat aurkeztu zuen atzo.
ASF enpresak proiektua interes publikokoa dela iragartzeko iazko abenduan kaleratu aitzin-inkesta lerroz lerro berriz hartzen du. Bide berriak ingurumenean eraginen dituen kalteak zehaztu dituzte bereziki. Orain, lan hori herritarrei helarazi eta larrazkenean iragatekoa den eztabaida publikoaz baliatuko dira prefeta konbentzitzen saiatzeko, proiektua ez dezan onartu. Edo, gutxienez, dudak erakuts ditzan. Hona hemen elkarteak atzeman dituen kontraesan «begi-bistakoenak»:
Irun-Bordele proiektuaren AHTren aipamenik ez
ASFk egin aitzin-inkestak Irun (Gipuzkoa) eta Bordele (Okzitania) arteko AHTren proiektua ez du batere kontuan hartzen. Zabaltzea justifikatzeko, kamioien trafikoa emendatuko dela erakusten ahalegintzen da. Alta, AHT proiektuak dio kamioien garraioa murriztuko delatren proiektu horri esker. Horiek hala, Lurra Zainek bi proiektu horien artean koherentzia bat beharrezkoa dela dio.
ASFren inkestaren argitasun eskasa
Herritar normal batentzat aitzin-inkesta ulertezina da, elkartearen ustez. Haiek berek lau hilabete behar izan dituzte, lanari gaina hartzeko. Jakinez, gaia arras ongi menperatzen dutenek dutela aztertu. Eta hori baino gehiago dena, dokumentuko argumentu anitz, «nahasi eta dudakorrak» dira. Hona hemen, perla bat, autobidearen ondoan dauden baratzeetako janarien kutsaduraz idatzia: «Osagarriarentzat diren arriskuak mugatuak dira, leku horietan landatu fruitu eta barazki guztiak ez baititu familia berak janen».
Interes publikorik ez
Proiektuaren interes publikoaz ez da segur elkartea. Arazo bat ordain lekuetan datza. 70. hamarkadan eraiki bide gurutzeak ez dituzte berriz egitekoak. Biriatuko ordaintzekoa lekuz aldatzeari buruz ere, hitzik ez. Alta, aldaketa horri buruz jadanik proiektu bat badago. Zergatik ez diren elkartzen galdetzen du elkarteak.
Emaitza ekonomikorik ez
Nahiz eta zazpi urte iraunen duten obren garaietan 3.000 lanpostu sortuko direla erran, obrak bururatu eta, azkenean, autobidea entretenitzeko sei lanpostu egonkor berri bakarrik sortuko direla dio Lurra Zain elkarteak.
Hots kutsadura
Kutsadurari buruz zifra kontraesanak ematen ditu inkestak. Jadanik oraingo autobideak sortzen duen harrabotsari buruz egin neurketak ez dira zuzenak. Hori bai, nahiz eta autobidea largatzen den, eta beraz, trafikoa ere, hotsa apalduz joanen dela dio ASFk. Nolaz? Iduriz, zabaltzeari esker irabazi jarioagatik. Bitartean, halere, jario hori zinez segurtatua izanen galdera pausatzen du elkarteak. Izan ere, 50 kilometrotan lau ordain leku daude eta ez dituzte kentzekoak. Horrez gain, autobidea 2032an saturatua izanen dela argi adierazia du 2001an egina izan zen Becker ikerketak.
Aire kutsadura
Horretan ere, «anomalia» anitz agertzen dira ASFk proiektuaren inguruan eginiko txostenean. Hor ere, proiektuari esker kutsaduraren arriskuak denborarekin apalduko omen dira.
Dena dela, hutsune juridiko bat bada. Hiriguneetan kutsadura mugatzeko legeak baldin badira, autobideen kasuan Frantziako legeak ez dio ezer. ASFk kutsadura «zaindu» beharko dela dio inkestan, besterik gabe. Hortaz, azpimarratzekoa da baita, bilakaerari buruz ASFk egin aurreikuspen guztientzat beti biztanleen kopuru bera kalkulatzen duela. Urteekin ez dute emendatzen, jakina delarik, alta, anitz goitituko dela. Eta bereziki, gainera, autobide bazterretan. Orain arte bazterretako lur horiek jabe aberatsenak baziren, azken aldian jabeak aldatu dira. Eta orain, egoitza sozialak dira eraikitzen han.
Abereentzat pertsonentzat baino kezka gehiago
Kutsadurari buruz hamar bat orri badira, eta Natura 2.000 gaiaz ehun orri bete dituzte Lurra Zain elkartekoek. Europan babestuak diren hainbat piztiaren bizian bide berriak ekarriko dituen ondorioak azaltzen dituzte. Izan ere, jadanik gertatua da proiektu bat blokeatua izatea puntu hori ez errespetatzeagatik. Hots, abereentzat jendeentzat baino borondate handiago badela laburbildu dute elkartekoek.
A-63 zabaltzeak ekarri kutsadura onartezina dela dio Lurra Zainek
Autobideaz arduratzen den ASF enpresak egin ikerketa «kontraesanez» betea dela frogatu du elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu