«Atxiloketa dinamika ero hau amaitu behar dugu». Aurreko asteko operazioan atxilotu zituztenetako batzuk eta espetxeratu dituztenen senideak alboan zituela, Gorka Gonzalez Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak horrelako atxiloketen eta torturen aurka erantzun bateratuakematera eta konpromisoak hitzartzera deitu zituen alderdi politikoak, sindikatuak eta gizarte mugimenduak atzo Iruñean. «Era honetako gertaerak amai daitezen erantzun batasuna bultzatzeko deia egiten dugu». Hurrengo egunetan gizarte eta politika arloko eragileekin bilerak egingo dituzte. Era berean, herritarrei otsailaren 13an torturaren aurka egingo diren elkarretaratzeekin bat egiteko eskatu die.
AAMk gogorarazi du urte hasieratik hamabost lagun atxilotu dituztela Euskal Herrian, bost polizia operaziotan, eta horietatik sei lagunek torturak salatu dituztela. Tratu txarren salaketak aurreko astean Nafarroan izandako operaziokoak dira. Gorka Gonzalezek azpimarratu duenez, atxiloketa guztietan atxilotuen etxeak, haien gurasoenak, tabernak eta herri mugimenduetako egoitzak miatu dituzte segurtasun indarrek: «Eta zer aurkitu dute miaketa hauetan? Ordenagailuak, sakelakoak, propaganda politikoa, txostenak... Talde armatuko kide izateko ezer gutxi, aspaldian ohituegiak gauden bezala».
Era berean, Gonzalezek azaldu du bi «mugimendu kontrajarri» izan direla urte hasieran. ETAk Gernikako Akordioari zein Bruselako Adierazpenari erantzunez su-eten egiaztagarri, orokor eta iraunkorra iragarri du, baina «estatuek atxiloketekin eta torturekin erantzun diote ETAri». AAMk ondorioztatzen du Euskal Herrian bakeranzko pauso sendoak ematen ari diren bitartean «Madrildik gerra adierazpenak eta bortxazko ekintzak» baino ez datozela.
Giza eskubideak, «nahierara»
AAMren iritzian, azken operazioek argi utzi dute Espainiako Gobernuak «jazarpena eta indarkeria helburu politikoen mesedetan» erabiltzen dituela eta oinarrizko giza eskubideak «interes politikoen menpe» daudela. «Eskubideak nahieran erabiltzen dira, erabaki politiko baten, txandako epailearen edo gorputz polizial baten arabera. Hori da espainiar demokrazia, horrela egiten du lana Auzitegi Nazionalak».
Prentsaurreko berean, Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldeko ordezkariak oroitarazi du aurreko astean alarma gorriak piztu zituztela eta ohartarazi zutela inkomunikazioak tortura arriskua zekarrela berekin: «Gaur [atzo] da eguna sei tortura testigantza ditugula». Guardia Zibilak Iruñerrian atxilotutako sei lagunetik bostek torturak salatu ditu. Espainiako Poliziak Iruñean eta Gasteizen atzemandako lau herritarretatik batek ere torturak salatu ditu. Torturak salatu dituztenetatik bakarra atera da libre, bermea ordainduta: Xabier Beortegi. Atzo Iruñean zen, eta bere testigantzaren berri eman zien kazetariei —ikusi alboko orrian—.
Arratibelen laguntza deia
Salaketen inguruko bi gertaera nabarmendu ditu Ituiñok. Batetik, inkomunikatuta, Guardia Zibilak «torturapean ateratako» deklarazioa egitera behartu ondoren, Jon Patxi Arratibel iruindarrak, bere izenarekin sinatu ordez, aztnugal izenpetu zuen (laguntza hitza, alderantziz). «Laguntza eske ari zen, eta aditzera ematen ari zen tratu txarrak eta tortura jasaten ari zela. Guk nabarmendu nahi dugu nola posible den inork, kasuotan ezta ofiziozko abokatuak ere, ez zuela ezer egin Joni kasu horretan laguntzeko», nabarmendu du Ituiñok.
Ofiziozko bi abokaturen jokamoldea ere berria izan da. Ituiñok gogora ekarri du kasu askotan «torturapean lortutako deklarazioei sinesgarritasuna ematea» dela ofiziozko abokatuen egitekoa, baina aurreko astean bi abokatuk euren bezeroak torturatu egin zituztela esan zioten Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileari. Ituñoren arabera, «deigarria» bada, nahiz eta azken hilabetetanbeste hainbat kasu izan diren. Haatik, Ituiñok salatu du Fernando Grande-Marlaskak ez zuela ezer egin.
Tortura salaketak
AAMk erantzun bateratua eskatu du tortura amaitzeko
Alderdiak, sindikatuak eta gizarte mugimenduak «atxiloketen dinamika eroaren» amaiera bultzatzera deitu dituOfiziozko bi abokaturen salaketak ikusita epaileak ez duela ezer egin salatu du TATek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu