Metodologi Taldearen eskuetan geratu den funtsezko lanketa horrek denbora eskatzen du, oharrak dioenez, bai dokumentuen mamia ondo osatzeko, bai txostenak Osoko Bilkurako kideei banatzeko, berauek nahikoa denbora izan dezaten testuak aztertu eta ekarpenak prestatzeko. Nazio Eztabaidaguneak diagnosiaren ostean bigarren fasea irekitzea du helburu; bertan nazio eraikuntzarako ekintza plana eta gatazka konpontzeko proposamenaren inguruan eztabaida zabalduko da, partaideen arteko adostasuna lortzeko asmoz. Testuinguru honetan, Osoko Bilkuraren rola garrantzizkoa dela azpimarratzen dute.
Hori dela eta, "oinarrizko lana sendoa izan dadin", erabaki du talde sustatzaileak deituta daukan osoko bilkura atzeratzea, eta hilaren 27an, larunbatean, egitea, Donostian, Ibaetako campusean.
Osoko bilkura "Nazio Eztabaidagunearen adostasun eta berrespenerako topalekua" da, 200 bat lagunez osaturik. Talde sustatzaileak finkatu du partaidetza, bi irizpide nagusien arabera: euskal gizartearentzat pertsona erreferentzialak izatea, bakoitzari dagokion esparruetan (arlo sozio-ekonomikoan, euskalgintzan, politikan, kulturan, sindikalgintzan, mugimendu sozialetan...), eta Euskal Herria aintzat hartzea.
"Euskal eragileetan eta gizartean bertan ematen den aniztasunaren isla izatea bilatu da, baita lurraldeen arteko oreka zein genero eta adinaren artekoa ere. Azken aste hauetan kontaktu zuzen ugari egin dira bai pertsona zehatzekin bai eragile ezberdinekin, erantzun positiboak jasoz", dio oharrak.
Datozen egunotan, baiezkoa eman dutenei bilerarako dokumentazioa bidaliko zaie; Osoko Bilkura eta gero, gizarteari zabalduko zaizkie diagnosia eta ondorioak, zuzenean zein webgunearen bitartez. Urte berriarekin, hasiera emango zaio bigarren faseari.
Nazio Eztabaidagunea