Herritar talde baten ekimenez Aberri Egun bateratua ospatu zuten milaka lagunek, Irunen hasi eta Hendaian amaitu zen ibilaldiaren bidez. Hain zuzen ere, herritar talde horren ordezkaritza batek -besteak beste, Laura Mintegi idazleak eta Jose Mari Arraste Athleticeko presidente izanak- eraman zuten Zazpiak bat jartzen zuen pankarta, zanpantzarren eta dantzariek eraman zuten ikurriña handi baten atzetik.
Era batera edo bestera, alderdi abertzale guztien babesa jaso zuen ekimen horrek. Batasunak, Aralarrek eta ABk guztiz bat egin zuten, eta ez zuten beste deialdirik egin. Hala, alderdi horietako buruzagi nagusiek manifestazioan parte hartu zuten. Han ziren, besteak beste, Batasuneko Arnaldo Otegi, Jone Goirizelaia eta Joseba Permach, Aralarreko Patxi Zabaleta, Aintzane Ezenarro eta Jon Abril, eta ABko Peio Etxeberri-Aintzart, Mertxe Colina eta Ritxar Irazusta. ELAk eta LABek ere bat egin zuten deialdiarekin, eta German Kortabarria ELAko Komunikazio idazkaria eta Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak ekitaldian parte hartu zuten. EAJk eta EAk, berriz, ordezkaritza bidali zuten, maila apalagokoa.
EManifestazioa abiatzeko lekutik, Irungo Ficoba erakustazokatik, aurrez aipatutako horiek guztiak abiatu ziren. Batzuek, ordea, ezin izan zuten amaierara iritsi: Otegik, esaterako, debekatua dauka Espainiako mugetatik ateratzea, eta, beraz, Santiagoko zubian Frantziarekin muga egiten duen lekura iristean itzuli egin behar izan zuen.
Nolanahi ere, dultzaineroen doinuek lagunduta eta eguraldi ederrarekin, milaka lagunek egin zuten Irundik Hendaiarainoko bide guztia. Amaierako ekitaldian Laura Mintegik, Jose Mari Arratek eta Maite Goienetxek euskal herritarrek "beren etxearen jabe" izateko eskubidea duteal aldarrikatuk zuten, hurrenez hurren, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Erramun Martikorena kantariak gidatuta Gu gira Euskadiko gaztedi berria kantatuz amaitu zuten ekitaldia bildutakoek, Gaztelu Zahar pilotalekuan.
Ondoren, Batasunak, ABk eta Aralarrek Urruñarako deialdia egin zuten. Han herri-bazkaria egin zen, eta horren ostean, bi aukera izan ziren: batetik, hitzaldiak, eta bestetik, musikarekin girotutako festa giroa.
EAJ Bilbon eta EA Gernikan
Lehen esan bezala, jeltzaleek zein EAk ordezkaritza bidali zuten Ficobara, baina bi alderdi horiek beren kabuz egin zituzten Alderdi Eguneko ospakizun nagusiak. Hala,goizean Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak eta Josu Jon Imaz alderdiko presidenteak Plaza Barrian eman zuten mitina izan zen jeltzaleen Aberri Egunaren ardatz. Saminerako unea ere izan zuten jeltzaleek, Eli Galdos alderdi horretako buruzagi izana bihotzekoak jota hil baitzen Aberri Egunera zihoala. 1934an Oñatin jaio zen Galdos, eta EBBko kide, Oñatiko alkate (1979-1991), Jaurlaritzako Barne sailburuorde (1980-1987) eta Gipuzkoako Ahaldun nagusi (1991-1995) izan zen.
EAk ere ekitaldi politikoa egin zuen, Gernikako Jai-Alai pilotalekuan. Begoña Errazti presidentea izan zen hizlari nagusia.
Aberri Egun bateratua Bidasoaren gainetik
Herritar talde batek egindako deialdiari erantzunez, milaka lagunek parte hartu zuten Irundik Hendaiarako martxan. Batasuna, Aralar eta ABk hara joateko deialdia egin zuten, eta, gero, elkarrekin jarraitu zituten ospakizunak Urruñan. EAJk eta EAk ordezkariak bidali zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu