Aberri eguna

Aberri Eguna Donibane Garazin iraganen da, Aitzina eta EHBaik antolaturik

Independentista sareak Iruñean (Nafarroa) egiten duen deialdiarekin “logika” berdinean kokatzen direla azaldu dute antolatzaileek: “Hizkuntzak eta kulturak ezaugarritu, eta kolektiboki existitu nahi duen herriaren eguna izatea nahi genuke”.

Gaur egin dute Aberri Egunaren aurkezpena. ISABELLE MIQUELESTORENA
Eneko Etxegarai Urain.
2018ko martxoaren 9a
10:15
Entzun

2018ko Aberri Eguna Donibane Garazin (Behe Nafarroa) iraganen da apirilaren 1ean. EHBai eta Aitzinak elkarlanean antolatu duten eguna, Iruñean Independentista sareak egiten duen deialdiaren "logika” berdinean kokatzen dela azaldu dute. “Frantses eta Espainiar estatuek deuseztatu nahi izan dituen euskal lurraldeen arteko lotura, sozial, politiko, instituzional eta kulturalak berreraikitzea dugu helburu”, adierazi dute antolatzaileek. Aberri Eguna “hizkuntzak eta kulturak ezaugarritu eta kolektiboki existitu nahi duen herriaren eguna izatea” nahi dutela azpimarratu dute.

Urteetan Euskal Herriaren “ezagupenerako” eta beste “gizarte” baten eraikuntzan diharduten dinamikak eta elkarteak adibidetzat jarri dituzte: Seaska, Laborantza Ganbara, Euskoa, energia burujabetzaren alde ari den I-Ener, langileen eskubideen defentsarako dinamikak, mugimendu feministaren mobilizazioak edo etorkinen aldeko ekimenak… “Hamaika proiektuk eraikitzen dute gaurtik hasirik biharko nahi dugun herria”, zehaztu dute. Haiena, Euskal Herrirako proiektu inklusiboa dela azpimarratu dute.

Egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean Ipar Euskal Herriko elkarte eta eragileen merkatua izanen da, “herrigintzan” ari direnen topaleku izan nahi dute horrela. Eguerditan Donibane Garazi zeharkatuko duen manifestaldia abiatuko da, eta merkatu estalian ekitaldi politikoarekin bukatuko da. 14:30etan bertako elikagaiekin osaturiko herri bazkaria izanen da, eta 17:00etatik goiti kontzertuak hasiko dira: Kontrabanda tadea, eta DJ Xabi arituko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.